Albisteak

 

GERNIKA-LUMO. (2018.07.02)- Gernika-Lumo, Mundaka eta Bermeoko turismo bulegoak
elkartu egin dira hainbat turismo proposamen gauzatzeko eta uda sasoian turistei 50 plan eskaini ahal izateko.

Iazko udan suertatu zen moduan, aurten ere, elkartu dira eskualdeko turismo bulegoak Urdaibaiko eskaintza turistikoa batzeko eta era praktikoagoan eta erakargarriagoan erakusteko bisitariei. Eskaintza honek aukera ugari ditu hautagai eta turismo sektorean lan egiten duten enpresei zabalduko zaie, establezimendu horietara joaten diren bisitariak ere informa daitezen.

2018 honetarako zenbait berrikuntza presatu dituzte

Prestatutako berrogeita hamar aukerak pertsona guztientzako eskaintzak dituzte eta hobekuntza berriak dakartza. Izan ere, hiribilduan “Marko Sator” esperientzia elkarreragilea da azpimarratzekoa, familian gauzatzekoa. Turismo Bulegoan dohainik banatzen den joko honetan parte hartzeko heziketa-miaketa burutu behar da, umeak dituzten familiek, Gernikan zehar bisitaldi autogidatua egin dezaten, hainbat informazioa jasotzeko eta ikuspuntu ezberdinak ezagutzeko. Joko honez gain, aipagarriak dira uztailaren 14tik abuztuaren 14ra, larunbat arratsaldeetan gauzatuko diren zesta topaketak, Gernika Jai Alai Grand Slam egitarauaren barruan.

Beste alde batetik, Bermeon Tuna Pintxo Tourra jarriko da martxan, uztailean eta abuztuan,
bertako tabernetan atun pintxoa dastatzeko eta Aita Guria baleontzirako bi sarrera lortzeko.
Mundakak munduan ezagunena den ezkerreko olatuaren gainean arraun egiteko aukera
paregabea eskainiko du.

Gainera, Arrolako Kastrotik bisitaldi gidatuak eginda, Euskal Herriko historia ezagutzeko aukera izango dugu, Burdin Arotik Erdi Aroraino eta erromatarren sasoia ahaztu gabe. Bisitaldi hauek izango dira, Nabarnizetik Arratzura, Foruko erromatarren aztarnategira, Tribisburuko erromatarren nekropolira Sollube gainean, eta San Miguel de Ereñozar baselizaren inguruan kokatuta dagoen Ereñoko Erdi Aroko gaztelura. Bestalde, irailean jarriko da martxan, Bizkaiko Errege Bide historikoaren lehenengo ibilbidea, 21, 22 eta 23an. Hiru ibilaldi izango dira Bilbotik Bermeora, Bizkaiko Foruei zin egiten zitzaien tokiak ezagutzeko eta bertako monumentuak ezagutzeko.

Interesa duten ondorengo gune batzuekin batera gauzatzeko proposamena da eskaintzen dena:
San Juan de Gaztelugatxe Urdaibaiko altxor preziatua, Santimamiñe koba, Urdaibai Bird Center turismo ekologikoa egitekoa, Busturiako Madariaga Dorrea, Bermeoko Arrantzaleen museoa, Aita Guria baleontzia, eta Gernikako Juntetxearekin batera Gernikako arbola.

Itsasoz gauzatzeko proposamenak ere eskaintzen dira, tokiko produktuak, kayakez bidaiak,
surfa, eskalada, bidaiak itsasontziz eta zetazeoen ikustaldiak.