Albisteak

 

Iparragirre kalea eta Astra sorkuntza lantegia batuko dituen pasabidea urte bukaerarako prest egongo da edo “gehien jota datorren urte hasierarako”, adierazi zuen José María Gorroño Gernika-Lumoko Alkateak. Proiektu honek tren geltoki ondoan dagoen tren igarobidetik oinezkoak ez ibiltzea ekidingo du eta Astrako aparkalekuan autoa uzten duten gidariei ibilbidea erraztu egingo die.”Bertan autoa uzten duten erabiltzaileek -230 aparkaleku- hirigunera hurbiltzeko ibilbide luzea egin behar dutela eta trenbidea pasatu behar dutela, honek dakarren arriskuarekin”, azpimarratu zuen Alkateak.

Jarduera honek gainera, balioa emango dio “gutxi erabiltzen den inguruari”, postetxe aurreko plazari hain zuzen, eta gaineratu zuen “aisialdirako gune izateko” egokituko dela. Izan ere, egungo lurzorua aldatu egingo da eta granitozkoa jarriko da, honez gain, hiri-altzariak ere jarriko dira. Adierazi zuen “irudi garbiketa egin gura dutela, jendeak gune horretan disfruta dezan, orain arte pasatzeko gunea baino ez delako izan”.

Erabiltzaileak plazatik zubira joateko bi modu izango dute. Bata bi metroko zabalera izango duen eta %8ko aldaparekin irisgarritasun baldintza guztiak beteko dituen arrapala baten bitartez izango da eta, bestea, eskailera bat izango da. Trenbidearen gaineko zubi honek bost metro altuera eta hamasei metro zabalera izango ditu. Jarduerari egokitutako arlo osoak 2.800 metro karratu betetzen ditu.

Zirt zart batean

Udaleko bulego teknikoa obra adjudikatzeko baldintza pleguak lantzen dago orain. Ziurtatu zuen “ pasa den martxoaren 9tik indarrean dagoen Kontratuen Lege berria martxan jartzeko, prozedura luzeagoa izango dela, teknikariek pleguak araudiaren arabera egokitu behar dituztelako”. Horrela eta guztiz ere, Udalak proiektu hau uztailean adjudikatu eta lanak uda pasa ostean hastea gura du. Jardueraren balioa 735.800 euro izango da, eta aurtengo aurrekontuko -23,4 milioi euro-  partiden barruan dago kokatuta.

Pasabide berri honi esker, auzokideak zirt zart batean hurbilduko dira herrigunera, “inguruetatik ibili beharrean eta arriskurik eduki barik, batez ere umeekin igarotzen denean trenbidea” azpimarratu zuen Gorroñok. Jarduera irisgarritasuna hobetzeko planaren barruan dago kokatuta, Alkatearen hitzetan, “Gernikako udalerria gero eta erosoagoa izan dadin eta bizitza kalitatea gero eta handiagoa izate aldera”.

Udalak Urbietako eremura joateko pasabide bat ere egin zuen, 2014an, Santa Anako aparkalekutik kirol gunera joan behar zutenek trenbidetik ez pasatu behar izateko. Futbol zelaien inguruan, batez ere asteburuetan, sortzen zen zirkulazio anabasa bukatzea helburutzat izan zuen jarduera hori arrakastatsua izan zen.