Albisteak

 
Iñigo Magunagoikoetxea Kultura Zinegotziak, Jon Carrillo Segundo Olaeta musika eskolako zuzendariak eta Artur Sustatxa musika bandako zuzendariak eskola sortu zeneko 25. urteurrena ospatzeko kontzertua aurkeztu dute. Kultura Zinegotziak adierazi du musika eskola honek, sortu zenetik hona, egindako lana handia izan dela, eta beste gauza batzuen artean ondorengoak azpimarratu gura dituela: Euskadin zehar gure herriaren izena jendarteratu dutela eta gure ohiko kultura herrikoia aberastu eta hedatu egin dutela. Izan ere, urteurren hau ospatzeko aukerarik onena kontzertu hau antolatzea izan da. Ikuskizuna datorren larunbatean izango da, 19:30ean, Jai-Alai frontoian. Parte hartuko dute eskolako ikasleek, Andra Mari, Izaro eta Bermeo abesbatzek, Kantaize orfeoiak, Takatukada batukada taldeak eta Busturialdeko gaita jotzaileek. Egungo musikak eta musika klasikoak bat egingo dute euskal dantzekin eta dantza modernoarekin, Elai Alai Dantza Taldea eta Ross Dantza Eskolaren eskutik. Benito Lertxundi eta Queen-en lanak interpretatuko dituzte, besteak beste. Sarrerak 5 eurotan erosi ahal izango dira Auzokoa kafetegian, Etxarte tabernan eta Turismo Bulegoan. 25 urte on Segundo Olaeta musika eskolak 25 urte ditu eta urte ederrak izan dira. Asko eta asko dira eskolatik pasatu diren gernikarrak. Eskola hau Udalak sortu zuen solfeoa, musika klasikoko tresnak, musika herrikoiak jotzeko tresnak, bandan jarduteko eta beste zenbait ikasketa eman ahal izateko. Ikasketa maila handia ematen diete, edozein motatako eta edozein adinako ikasleei. 500 ikasle ditu guztira, 3 urtetik 70 urterakoak, eta 19 irakaslek bideratzen dituzten ikasketak jasotzen dituzte.