Albisteak

 

Gernika mututu egin da zorigaiztoko 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketaren biktimak gogoratzeko beste urtebetez. Gernikako bonbardaketaren 83. urteurrena gogoratzeko aurreikusitako ekitaldiak bertan behera geratu ziren alarma egoeraren ondorioz, baina Udalak data hori gogoratu nahi izan zuen hainbat ekitaldirekin. Bost jarduera egin ziren atzo, publiko barik, eta osasun-agintariek iragarritako prebentzio-neurriak errespetatuz. Jose Mari Gorroño alkateak azaldu zuenez, "Gaur 83 urte bonbardatu zuen Alemaniako Condor Legioak Gernika. Herria erreta geratu zen, % 85 baino gehiago, hildako eta zauritu ugari utziz. Hala baieztatu zuten The Times, Daily Express, Ce soir eta Paris Soir egunkarietako George Steer, Mathieu Corman eta Noel Monks berriemaileek euren kroniketan. Gernikako herriari geratzen zaion ondarerik handiena bere memoria historikoa da. Omenaldi honekin Gernikak gertatutakoa ez duela ahaztuko aldarrikatzen du, memoriaren berreskurapena adiskidetze eta bakerako bidea delako.”

Ekitaldi horietan Jose de Labauria herriko alkateari eta George Steer kazetari britainiarrari egin zizkieten omenaldiak. Steer berriemaileak bonbardaketaren ondorioak ezagutzera eman zituen The Times egunkarian argitaratutako kroniken bidez. Bi ekitaldiak izan ziren lore eskaintza egiteko. Bonbardaketa gogoratzeko ohiko ekitaldiek arratsaldean ere jarraitu zuten, kanpai eta sirena hotzekin arratsaldeko laurak laurden gutxiagotan. Hauen hotsak ozenki entzun ziren, hiribildua bonbardatu zuten unea gogoratzeko. Lau eta erdietan, omenaldia Zalloko hilerrian gauzatu zen, hildakoei lore eskaintza egiteko, eta bertan izan zen Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkatea. Azkenik, gaueko bederatzi eta erdietan, kandelak piztu ziren balkoietan, martxa isila ordezkatuz.

Gainera, arratsaldeko ekitaldiak streaming bidez eman ziren udaleko sare sozialetan.