Albisteak

 
Gernika-Lumoko udalak martxan jarri du ekimen hau bolondres talde batekin eta udalerriko albaitari zerbitzuekin, katuak harrapatu, esterilizatu eta gero aske uzteko; CES proiektua deitzen zaio. Honetan datza: katuak harrapatu eta parasitoak kentzen zaizkie, ondoren emeak esterilizatu eta arrak kapatu egiten dira, gero aske uzteko zeuden kolonia berean. Munduko Osasun Erakundeak kontrol horretarako onartutako metodologia bat.

Honela, koloniak neurriz gutxituz doaz, ugalketa ekiditu egiten delako  eta osasun aldetik kontrolatuak daudelako. Ekimen mota berria da, hurrengo urteetan iraupena izango duena eta udalerriko zenbait tokitako herritarrek eskatutakoari erantzuten diona, animaliok elikatu izaten dituztelako eurek herritarrek, kalean bertan. Herriko zenbait tokitan jaberik bako katu-koloniak daude eta komenigarria da ekimen hau burutzea katu gaixorik izan ez dadin edo umealdi bereko katu txiki ahulak hil ez daitezen. Udalak eskaera berezia egiten du katuoi kalterik ez egiteko eta lan horretarako herritarren laguntza eskatzen du.