Albisteak

 

Azken bi ikasturteetako joera beheranzkoa izan bada ere, 2015/2016 ikasturtean, Aita Villasante Udal Euskaltegiko matrikulazioak %50ean egin du gora aurreko ikasturteko joerarekin apurtuz.

Gauzak horrela, hasierako matrikulazioko datuei erreparatuz gero, iaz 90 ikaslerekin hasiera eman bazitzaion ikasturteari, aurten 135 ikaslerekin eman zaio.

“Euskarak batzen gaitu” izan da irailean zehar egin den kanpainako leloa. Horri jarraituta animatu da jendea izena ematera. Euskarako zinegotzia den Marisa Aldamizetxebarriaren esanetan, jendearen benetako beharrizanetara egokitutako eskaintza egiteak lagundu du matrikulazioaren gorakada horretan.

Aldamizetxebarriak dioenez, ikasle kopururik handiena maila altuenetan matrikulatu da, B2 eta C1 mailetan, hain zuzen ere. Honen arrazoia hauxe izan liteke: alde batetik eskoletan lortu duten maila sendotu nahia, eta, bestetik, aurreko urteetako ikasleek jarraipena ematea hasitako ikas-prozesuari.

Aurten, hain zuzen ere, aurrez aurreko 10 talde daude, ia maila guztietakoak, (A1-B1-B2-C1-C2) A2koa izan ezik. 10 talde horietatik, 8 egunean ordu bi eta erdikoak dira (astelehenetik ostegunera); 1, egunean ordu bikoa (astelehenetan eta asteazkenetan); 1, egunean ordu eta erdikoa (astelehena, asteazkena eta osteguna), azken hau etorkinei zuzenduta. Talde hauetan matrikulatzeko aukera dago, beti ere, datorren ikaslearen maila taldekoarekin bat badator.

Autoikaskuntzari dagokionez, 33 ikasle daude. Hauek, astean ordubeteko mintzamen/tutoretza saioa dute euskaltegian irakaslearekin; beste lan guztia era autonomoan egiten dute, beti ere, irakaslearen gidaritzapean. Ez dago autoikaskuntza sisteman matrikulatzeko aukerarik bajarik ez dagoen bitartean.

Ikasleriaren tipologiari erreparatuz gero, adinari dagokionez, batez bestekoa 37 urtekoa da eta %70 Gernikakoak dira; hala ere, badaude Busturialdekoak, Lea Artibaikoak eta Arabako baten bat.