Albisteak

 

Apirilaren 22an, 2018ko ESKOLARTEKO DANTZARI EGUNA  Gernika-Lumon, Urbietako futbol zelaian: 1.400 neska-mutil dantzari, 3 eta 15 urte bitartekoak, udalerriko eskoletan ari direnak, hau da, Gernika-Lumokoak eta eskualdekoak, eta beste 4.000 ikusle euskal dantza zale. Eguraldi txarra balitz, Merkatu plazan izango litzateke, inoiz egin den ohi bezala.

Udal Eskola Kontseiluak ikasturterako adostutako eskolaz-kanpoko proiektu komunaren atal bat dugu euskal dantzena eta eutsi egin zaio horri 28 urtez. Gernika-Lumoko irakaskuntza zentroetan ikasturte osoan landutakoaren ondorio dugu ekitaldi hau,  Euskara Zerbitzuaren  koordinazio-lana eta Hezkuntza sailaren diru laguntza bitarteko.

Lana, ikastetxeetako irakasle eta begiraleen eskutik: Allende Salazar ikastetxea, Barrutia ikastetxea, Mertzede ikastetxea, San Fidel ikastola, Seber Altube ikastola.

Laguntzaileak, musikariak: Errenteriako Gazteak Txistulari taldea eta Segundo Olaeta musika eskolako triki-tixa eta txistulari taldeak.

Kalejira 11:00etan hasiko da Pasealekutik Urbieta kirol guneraino eta dantza saioari 11:30ean ekingo zaio, Euskal Herriko dantza desberdinei errepasoa eginik:
• Durangoko dantzari dantza (agintariena, banango, ezpata joko txikia, txotxongilo).
• Lapurdiko, Nafarroa eta Arabako dantzak (Makil jokoa I, makil jokoa II, txulalai, zapatain dantza, San Petrike).
• Gipuzkoako makil txiki eta Durangora berriro (euzko dantza, arku-dantza, zinta dantza)
• Amaiera: Benafarroako martxa

Honako egitasmoa, besteak beste, Euskara Normalizatzeko Plan Estrategikoetan aintzat harturikoa dugu irakaskuntza esparrurako. Helburuak: jakina, euskal ohiturak eta psikomotrizitatea lantzea, umeen arteko harremanak bideratzea, eta, zelan ez, familia giroko ekitaldietan hizkuntza ohiturak jorratzea. Azken batean, umeen gizarteratzea euskaraz eta emozioz beteriko egun batekin gauzatzea, ekitaldi erraldoi eta hunkigarria bitarteko.

 Gernika-Lumoko Udaleko Euskara Zerbitzua (94-6270205)
2018 urteko apirila