Albisteak

 

Pandemiaren ondorioz Gernikako Urriko Lehenengo eta Azken Astelehenetan gauzatu ohi diren abeltzaintza eta nekazaritza azoka tradizionalak ere ezin izango dira ospatu. Aurten herriak ez ditu ospatuko Euskadiko merkatuen egutegiko bi azoka garrantzitsu eta jendetsuenak, osasun krisiagatik izan ez balitz datorren hilaren 5ean eta 26an egingo zirenak.

Azoka hauek duela 650 urte baino gehiago sortu zirenetik, hiribilduak jai-egun bi horiek ospatzeko eskubidea izan du, eta urteak joan ahala, gero eta garrantzi handiagoa hartu dute. Gerra Zibilak bakarrik lortu zuen lehen sektorerako bi azoka esanguratsu horiek bertan behera uztea.