Albisteak

 
Kultur Etxeak urrian emango dio berriro hasiera kultur programazioari, martxotik etenda egon ostean, Covid-19k eragin duen osasun krisiaren ondorioz. "Poztu egiten gaitu kultura berriro eskaintzeak eta pandemia artearen munduan sortzen ari den lurrikara isilari iseka egiten hasteak", adierazi du Jokin Garatea Kultura zinegotziak, eta "Eusko Jaurlaritzak ezarritako protokoloei jarraituz egingo da itzulera hau, kutsatze berriak saihesteko".

Horretarako, osasun neurri batzuk ezarri dituzte, besteak beste, Lizeo antzokiaren edukiera %60ra murriztea eta ikusleen artean metro eta erdiko segurtasun tartea mantentzea.

Bertaratzen direnek maskara jantzita eraman beharko dute funtzio osoan, eta eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitu beharko dituzte. Azkenik, ikuskizunetara garaiz joatea gomendatzen da, sarreran pilaketarik egon ez dadin.

Antzerkia, musika eta zinema

Urte erdiko etenaldiaren ondoren, bost ikuskizun eta 9 saio zinematografiko izango dira ikusgai. Etapa berri honetako lehen emanaldia urriaren 4rako dago programatuta, 17:00etan, "Oliver Magoa eta Liuba" magia ikuskizuna, eta azkena urriaren 31n izango da, 20:00etan, "Aitor Etxebarria" musikari gernikarraren kontzertuarekin. Urrian zehar, aisialdirako eskaintza askotarikoa izango da eta bertan antzezlanak, magia showa eta "Lizeoko Kontzertuak" programako lehen hiru kontzertuak izango dira.

Denboraldia hasteko erabiliko dugun magia ikuskizuna doakoa izango da, baina hortik aurrera, sarreren prezioa 3 eta 12 euro bitartekoa izango da ikuskizunaren arabera eta, aurreko urteetan bezala, deskontuak izango dira "Laguna” txartelean abonatutakoentzat. Garateak gogorarazi duenez, sarrerak aurrez aurre salduko dira saioa hasi baino ordubete lehenago eta Kutxabankeko sarreren saltokietan.

Jendaurreko ordutegia aldatu egingo da

Era berean, urriaren 1etik aurrera Kultur Etxeak ordutegia erabiltzaileen beharretara egokituko du eta etenik gabe egongo da irekita 09:00etatik 20:00etara. Erabilera sustatzeko eta herritar guztiei (liburutegia barne) bulego eta zerbitzuetarako sarbidea errazteko aplikatzen den neurria da.