Albisteak

 

Udal liburutegiak bere zerbitzu eta instalazioak irekiko ditu normaltasun berriarekin gaurtik aurrera. Maiatzetik, pixkanaka-pixkanaka, bere jarduerari ekin dio berriz ere, baina prebentzio-neurri zorrotzak inplementatuta.

Orain, liburuak eta ordenagailuak hartzeko eta erabiltzeko hainbat gune prestatu dira, berriz ere, bai eta gazteentzako eta haurrentzako espaziora ere, betiere edukiera arauak errespetatuz. Maria Agirre aretoa eta Elai Alai antzokia urritik aurrera izango dira herriko kultur taldeen bilgune. Era berean, Lizeo Antzokiak eta Elai Alai aretoak euren kultur programazioaren jarduera berreskuratu dute.

Liburutegiak, gainera, neguko ordutegi arrunta berreskuratuko du, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 21:00etara, eta larunbatetan 09:00etatik 14 00etara. "Maiatzaren amaieran liburutegiko ateak berriro ireki genituenetik, indarrean dagoen araudia eta segurtasun sanitarioko eta babeseko neurriak betetzen direla bermatu dugu beti, bai langileentzat, bai erabiltzaileentzat. Ilusioz beteta gaude normaltasun berri honetan sartzeko, eta itxaropentsu datorren denboraldiari begira gure jarduerak zabaltzeko", azaldu du Jokin Garatea Kultura zinegotziak.

Maileguak itzultzeko postontzia erabiltzen segituko dugu

Hala ere, koronabirusak eragindako infekzioak saihesteko jarduera-protokoloarekin segituko dugu. Liburuak, CDak, DVDak, etab. itzuli eta gero, berriro mailegatu aurretik, gordeta egongo dira 15 eguneko prozesua egin arte. Gainera, Kultur Etxearen sarreran dagoen postontzia erabili ahal izango da maileguan dauden liburuak itzultzeko eguneko 24 orduetan. Horrez gain, gogorarazi gura dugu maskara erabili behar dela eta 1,5 metroko segurtasun-distantzia errespetatu behar dela, edozein kutsatze-mota saihesteko.