Albisteak

 
  • Urremendi Landa Garapen Elkarteak, Urdaibaiko Erreserbaren Patronatuarekin eta Gernika-Lumo, Bermeo eta Mundakako Udalekin batera eskualdeko udako eskaintza turistikoa aurkeztu dute.
  • Urdaibai kalitatezkoa eta jasangarria den helmuga turistiko bihurtzeko asmoz, estatu mailako zein bertako turistei zuzendutako bi kanpaina jarri dira abian, ohiz kanpoko uda honetan bertan geratzea erabaki dutenentzat.
  • “Urdaibai, hamen berton” lelopean, lehenengo kanpainak Urdaibai sustatuko du helmuga turistiko erakargarri eta hurbil gisa, ez bakarrik Euskadiko Biosferaren Erreserba bakarraren inguruaren edertasunagatik, baita eskaintzen dituen aukera ugariengatik ere: gastronomia ona, turismo aktiboko jarduerak (kayak, paddle surfa, itsasontziko ibilaldiak, surfa, coasteering-a), ondare kulturala eta naturala (museoak, Urdaibai Bird Center, Ekoetxea Urdaibai), ibilbideak, txakoli upategi desberdinetan bisitak eta dastaketak…
  • Bigarren kanpainaren helburua Urdaibaira joateko eta eskualdean mugitzeko garraio iraunkorraren erabilera sustatzea da.

Urremendi Landa Garapena Elkarteak, Urdaibaiko Erreserbaren Patronatuarekin eta Gernika-Lumo, Bermeo eta Mundakako Udalekin batera, estatu mailako turismoa erakartzeko eta tokiko turismoa sustatzeko bi kanpaina egingo ditu, Urdaibai erreferentziako leku jasangarri gisa bultzatzeko. Kanpaina hauek, erakundeen arteko lankidetzari esker, kalitatezko plan eta esperientzia ugari eskaintzen ditu. Guztien helburua da indarrak batzea, ahalik eta eskaintza interesgarriena bisitariaren eskura jartzeko.

“Urdaibai, hamen berton” lelopean, lehenengo kanpainak Urdaibai sustatuko du helmuga turistiko erakargarri eta hurbil gisa, ez bakarrik Euskadiko Biosferaren Erreserba bakarraren inguruaren edertasunagatik, baita eskaintzen dituen aukera ugariengatik ere: gastronomia eta ostatu onak, turismo aktiboko jarduerak (kayak, paddle surfa, itsasontziko ibilaldiak, surfa, coasteering-a), ondare kulturala eta naturala (museoak, Urdaibai Bird Center, Ekoetxea Urdaibai), ibilbideak, txakoli upategi desberdinetan bisitak eta dastaketak…

Bermeok adibidez itsasoa eta arrantzarekin lotutako eskaintza zabala aurkeztuko dio turistari. Besteak beste, egunero antolatuko diren Gaztelugatxerako bisitak, Bermeo Tuna World Capital elkarteak antolatzen duen ‘Bermeo Tuna Tasting: hegaluzearen eta hegalaburraren gaineko tailerra eta dastaketa’ esperientzia edota arrantza munduan emakumeek izandako papera ezagutzeko arrantzaleen kofradiara egingo diren bisitak eskainiko ditu uztaila eta abuztuan zehar.

Gernikak ere eskaintza zabala aurkeztuko dio bisitariari. Izan ere, bertaratzen denak euskal kulturarentzat horren garrantzitsuak diren Gernikako Arbola edo Batzarretxea bisitatu ahal izango ditu. Gainera, antolatutako bisita honetan ere herriko historia ezagutuko du. Bestalde, herriak 1937ko apirilaren 26an sufritu zuen bonbardaketaren berri emango dion bisita gidatua ere eskaintzen da.

Mundakak ere hamaika aukera antolatu ditu. Noski, aukera hauen artean surfa ez da faltako. Surf ikastaroak egin nahi dituenak bertan egin ahal izango ditu. Bestalde, herriaren kosta eta Urdaibai bera ezagutzeko aukera paregabea itsasontzia da. Bisitariak ordu biko itsas bidai turistiko kulturala egin ahal izango du eta, bertan, azalpenak eta dastaketak eskainiko zaizkio.

Kanpaina hau uztailean eta abuztuan egingo da. Ekintza desberdinak aurreikusten dira. Sare sozialetan, hiru hiriburuetako (Bilbo, Donostia eta Gasteiz) markesina eta autobusetan kartelak, baita Iruñeakoetan eta Bilboko aireportuan ere. Kanpaina osatzeko, denbora laburrean (1.30 minutu) Urdaibaik eskaintzen duen guztia erakusten duen promozio-bideo bat egin da. Urdaibaiko bizimoduaren benetakotasuna erakusten du, bertako biztanleen egunerokoa, bisitariari eskaintzen diona, dituen baliabide turistikoak. Urdaibaiko lifestyle-a.

 Bigarren kanpainaren helburua Urdaibaira joateko eta eskualdean mugitzeko garraio iraunkorraren erabilera sustatzea da. Urdaibain garatzen ari diren TJEGren (Turismo Jasangarriaren Europako Gutuna) turismo-estrategiako ekintza bat da. Asmoa da jendeak autoa alde batera uztea eta Urdaibaira garraio publikoan (Bizkaibus / Euskotren) joatera animatzea, baita eskualdean mugitzeko ere.

Eskualde barruko garraio jasangarriko aukerak zabalak dira; izan ere, garraio publikoaz gain (Bizkaibus / Euskotren) beste aukera batzuk ere badaude, hala nola bizikleten alokairua, itsasadarrean nahiz itsasoan garraiatzen duten itsasontziak, kanoen alokairua edo paddle surfeko taulak (kasu horietan, Urdaibaiko turismoenpresa batzuek eskaintzen dituzte zerbitzuak).

Kanpaina sare sozialen bidez egiten ari da eta liburuxka bat diseinatu eta inprimatu da. Liburuxka hori eskualdeko hiru turismo-bulegoetan aurki daiteke; edo bestela, formatu digitalean Urdaibaiko Turismoaren webgunetik deskarga daiteke https://turismourdaibai.com/es/descargas/

Bestalde, azken urteotan hiru turismo bulegoetatik sustatu den lanaren ildotik, eskualdeaz ikuspegi aktibo eta jasangarritik gozatzeko eta eguneko txangozaleak erakartzeko beste ekimen bat da Bizi & Visit Urdaibai. Ekimen horrek uztailean eta abuztuan astelehenetik ostiralera egin daitezkeen hainbat jarduera eta bisita biltzen ditu. Txangozaleek aldez aurretik planifikatu ahal izango dute beren bisita, eta beren lekua erreserbatu nahi duten jardueran edo bisitan, programazio eta eskaintza zabal baten barruan.

Jardueren eta bisiten eskaintza guztia mikrositean dago, eta bertatik erreserbak egin daitezke. Bi bide daude Mikrosite honetara heltzeko: