Albisteak

 

Kultur Etxeak ateak irekiko ditu datorren ostiralean deseskaladari ekiteko. Maiatzaren 22an beste pausu bat emango dute, prebentzio neurri zorrotzak hartuta. Astelehenetik ostiralera (09:00etatik 14:00etara), erabiltzaileek Gazte Informazio Bulegoa, Erakusketa Aretoa eta Liburutegia erabili ahal izango dituzte berriro ere. Gainerako zerbitzuak, hala nola, estudioa, aretoko kontsulta, ordenagailuen erabilera, kultur jarduerak eta abar, baztertu egingo dira normaltasunera itzultzea posible izan arte. Gainera, WhatsAppez (630071681) komunikatzeko kanal berria jarri da, edozein zalantza edo kontsulta berehala erantzuteko edo konpontzeko.

Liburutegiaren kasuan, erabiltzaileek konfinamendu-aldian entregatu ezin izan zituzten dokumentuak itzuli ahal izango dituzte, eta bertan hamabostaldian gordeta izango dituzte, berriro maileguan eskaini aurretik. Gainera, maileguan eman diren liburuak bueltatu ahal izateko, datozen egunetan postontzi bat jarriko da sarreran eguneko 24 orduetan.

Whatsappez ere tramitatu ahal izango da erabiltzaileentzako mailegua eta etxez etxeko itzulketa zerbitzua, ekainean egongo da prest. Dena den, aleak liburutegian bertan jaso edo itzuli nahi dituzten herritarrek Kultur Etxearen kanpoaldean jarritako ontzi batean egin ahal izango dute.

Beste alde batetik, Gazte Informazio Bulegoak Gaztedi Busturialdearekin elkarlanean, doako prestakuntza-programa online jarri du abian www.gaztedibusturialdea.eus atariaren bidez.

Segundo Olaeta Musika Eskolari dagokionez, datorren ikasturterako (2020/2021) matrikulazio kanpaina irekiko du, maiatzaren 25etik ekainaren 12ra, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Informazio gehiago nahi dutenek 946270214 telefonoaren bidez edo idazkaritza@segundoolaeta.net korreora idatziz jaso dezakete.