Albisteak

 

Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak gizarte laguntzetarako neurri ugari iragarri zituen atzo. Gorroñok zehaztu zuenez, "Egungo krisialdian, autonomo, negozio txiki, enpresa eta ETE askoren ekonomia itogarria da. Langabeziak modu esponentzialean egin du gora azken bi hilabeteetan, eta etengabe hazi da, eta horrek estres eta antsietate handia sortarazten du ". Horren harira, Gernika-Lumoko Udalak 1.182.878,76 euro bideratuko ditu "gehien kaltetutako pertsonen eta familien gizarte-beharrak asetzeko, egoera horrek gehien kaltetutako sektoreei laguntzeko eta, aldi berean, ekonomia suspertzeko. Biztanle bakoitzeko 68,81 euroko laguntza da horretarako erabiliko direnak”, azpimarratu zuen Gorroñok.

Ekintza gehienak Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari zuzenduta daude (767.478,76 euro; horietatik 92.276 euro Eusko Jaurlaritzak emandako laguntza bereziari dagozkio). Era berean, 250.000 euro bideratuko dira "aldi baterako gizarte-larrialdietarako", batez ere familia kalteberentzat, eguneroko gastuei aurre egin ahal izateko, hala nola sendagaiak eta elikagaiak erostea edo etxebizitzetako gastu arruntak ordaintzea, besteak beste.

Bestalde, tokiko merkataritzan eta ostalaritzan kontsumoa sustatzeko laguntza 100.000 eurokoa izango da. Horretarako, 30, 15, 10 eta 5 euroko bonuak egingo dira. Horietatik, Udalak ordainduko duena da 30eko bonuetan 10, 15eko bonuetan 5, 10eko bonuetan 3 eta 5 euroko bonuetan 2. Txeke horiek Turismo Bulegoan erosi ahal izango dira. Kultura da 15.000 euroko laguntza jasoko duen beste sektore bat.

Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren aurka lan egiten duten gizarte-laguntzako eta -garapeneko erakundeek (Caritas eta Bizkaiko Elikagai Bankua) 25.000 euroko partida izango dute. Gainera, 25.400 euro bideratu dira maskarak, hidrogela eta eskularruak erosteko. Zehazki, Udaltzainentzat, udal-langileentzat, tokiko merkataritza, ostalaritza eta ileapaindegietara joango direnentzat, eta Merkatu plazara hurbilduko direnentzat izango diren 11.000 maskara (4.000 FFP2 eta 7.000 kirurgiko), 250.000 hidrogel mililitro eta 6.000 eskularru pare erosi ditu Udalak.

Amaitzeko, ospitaleratuta egon zen bitartean herritarrek emandako babesa eskertu gura izan zuen alkateak, "Bihotzez eskertzen ditut maitasun eta estimu mezuak. Bero horrek asko lagundu zidan" eta "Osakidetzaren jarraibideak betetzen jarraitu" behar dela azpimarratu zuen.