Albisteak

 

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak apirilaren 26rako programatutako bonbardaketa-ekitaldiak egiteko baimena eman du, baina kargu publikoak bertara joateko muga gehiago jarrita. Horrela, Udalak hasieran programatutako bost ekitaldiekin jarraituko du. Ekitaldi horietara publikoa ezin izango da joan, eta osasun-agintariek iragarritako prebentzio-neurriak errespetatuz egingo dira.

Jose de Labauria (11:30ean) sasoi hartako herriko alkatea omenduko dute Don Tello eta Nere Kabia kaleen artean dagoen plazan, eta jarraian (12:00etan), Barrenkalebarrena kalean, George Steer kazetari britainiarra omenduko da. Bonbardaketa honen ondorioak eman zituen ezagutzera kazetari honek The Times egunkarian argitaratutako kroniken bidez. Ekitaldi bietan egingo da lore eskaintza.

Bonbardaketa gogora ekartzeko ekitaldi tradizionalek arratsaldean ere jarraituko dute, kanpai hotsekin eta sirena jota arratsaldeko laurak laurden gutxiagotan (15.45etan), hiribildua bonbardatu zuten unea gogora ekartzeko. Zallo hilerrian hildakoei omenaldia egiteko lore eskaintza egingo da, 16:30ean, eta Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkatea bertan izango da. Azkenik, gauez, 21:30ean, kandelak piztuko dira balkoietan, martxa isila ordezkatuz.

Arratsaldeko ekintza guztiak streaming bidez igorriko dira udaleko sare sozialetan (Facebook: GernikaLumo eta You Tube: Gernika Lumo).