Albisteak

 

Gernikako bonbardaketaren 83. urteurrena ospatzeko aurreikusitako ekitaldiak bertan behera geratu ziren alarma egoeraren ondorioz, eta orain hainbat ekitaldirekin gogoratu nahi da. Apirilaren 26an burutuko diren bost ekitaldi izango dira, eta publikoa ezin izango da bertaratu. Erakundeetako ordezkari talde txiki batekin gauzatuko dira, osasun-agintariek iragarritako prebentzio-neurriak errespetatuz.

Jose de Labauria (11:30ean) sasoi hartako herriko alkatea omenduko dute Don Tello eta Nere Kabia kaleen artean dagoen plazan, eta jarraian (12:00etan), Barrenkalebarrena kalean, George Steer kazetari britainiarra omenduko da. Bonbardaketa honen ondorioak eman zituen ezagutzera kazetari honek The Times egunkarian argitaratutako kroniken bidez. Ekitaldi bietan egingo da lore eskaintza.

Bonbardaketa gogora ekartzeko ekitaldi tradizionalek arratsaldean ere jarraituko dute, kanpai hotsekin eta sirena jota arratsaldeko laurak laurden gutxiagotan, hiribildua bonbardatu zuten unea gogora ekartzeko. Zallo hilerrian hildakoei omenaldia egiteko lore eskaintza egingo da, 16:30ean, eta Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkatea bertan izango da. Azkenik, gauez, 21:30ean, kandelak piztuko dira balkoietan, martxa isila ordezkatuz.

Arratsaldeko ekintza guztiak streaming bidez igorriko dira www.gernika-lumo.net atarian eta udaleko sare sozialetan (Facebook: GernikaLumo eta YouTube: Gernika Lumo).