Albisteak

 

Badator Emakumearen Nazioarteko Eguna, eta Gernika-Lumoko Udalak doako hainbat jarduera antolatu ditu, emakumearen aldarrikapena egiteko. Irati Martinez Agirrezabala Berdintasunerako zinegotziaren ustez, "guretzat urteko egun guztiak dira 8M", eta berretsi du "Udalak berdintasunaren alde etengabe lan egiten duela, eta, gainera, zeharka egiten duela udaleko arlo guztietan".

Testuinguru horretan, datorren asteartean, martxoak 3, "Els dies que vindran" film katalanaren proiekzioa egingo da. Film horrek bikote batean sortzen diren gatazkak aztertzen ditu, emakumea, gura izan barik, haurdun geratzen den unetik aurrera eta semea izatea erabakitzen duten unetik aurrera.

Ostiralean, hilak 6, Gernika-Lumoko ikastetxeek elkarretaratzea egingo dute Foru Plazan, 11:30ean. Beste alde batetik, hilaren 8an bi jarduera izango ditugu: 13:00etan Merkurio iturritik abiatuko den manifestazioa eta Xankore Taldeak egindako "Poltsan ezkutatutako egia bat" antzezlana, Elai Alai aretoan, 19:00etan.

Era berean, hilaren 13an, haurren transexualitatearen gaineko hitzaldia egongo da Elai Alai aretoan, 19:00etan, Adingabeko Transexualen Familien Elkarteak burututa. Egitarauari amaiera emateko, hilaren 18an, Larraitz Zuazoren "Geu, Euskaldunako emakumeak-Nosotras mujeres de Euskalduna" dokumentala botako da Elai Alai aretoan, 18:30ean. Euskaldunako ontziolen itxiera geldiarazteko Bilbon egin ziren borroketan parte hartu zuten emakumeen historia kontatzen du lan honek.