Albisteak

 

Egunotan eraikitzen dabilzen Gernikako Astra inguruko pasabidea "datorren urteko urtarrilaren erdialderako" amaituta egongo dala jakinarazo dau Jose Mari Gorroño udalerriko alkateak. "Obrak bere bidetik joan ezkero urte hasierarako erabiltzeko moduan egongo da", baieztatu dau. Iparragirre kalea eta Astrako aparkalekua trenbidearen gainetik lotuko dauzan oinezkoentzako pasabidea, joan dan uztailean eraikitzen hasi ziran. Instalazioa egitearen helburua da, hain zuzen be, "alde batetik herriko alde horretan irisgarritasuna hobetzea eta bestetik, alde batetik bestera igarotzeko bidea erraztea oinezkoei", azaldu eben Udaletik.

Pasabide barria, hain zuzen be, Iparragirre kaleko 26. zenbakiaren parean hasiko da, hau da, Correos posta bulegoaren plaza aurretik, eta antxinako Astra arma fabrikaren aparkalekuraino luzatuko da. "Holan, leku horretan autoa izten daben herritarrei erdigunera hurbiltzea erraztuko deutsie", argitu eban Gorroñok. Gaur egun Astra aparkatzen daben erabiltzaileek ibilbide luzea egin behar dabe erdigunera heltzeko, eta horrezaz ganera, tresbidea pasatu behar dabe, "horrek dakarren arriskuagaz", ohartarazo dabe.

Hormigoizkoa

Proiektuak 736.000 euro inguruko aurrekontua dauka. Dirutza horren %55aEuskal Trenbide Sareak finantzatuko dau. Oinezkoentzako zubiak 16 metro baino gehiagoko luzera izango dau eta punturik altuenean 5,70 metrora iritsiko da. Pasabideak "segurtasun handiagoa" eskainiko deutso oinezkoei "datorren urtetik aurrera, Iparragirre zeharbidearen alde batetik bestera ibiltzeko ez dalako hesirik gabeko trenbide-pasagunetik gurutzatu beharko".

Pasabide barria eraikitzeko material moduan hormigoia erabiltzen dabilz. Diseinuari dagokionez, "estilo urbanoa eta tamaina handiko argazkiakaz apainduta" egongo dala aurreratu dabe udaletxean. Behin erabiltzeko edegita, oinezkoek ez dabe "eskilara bakar bat be gainditu beharrik izango, ibilbide osoa arrapaladan egingo baita", ziurtatu eban Gernikako alkateak.

Proiektuari esker, gainera, herrian "gitxi erabiltzen dan inguruari bakioa emongo deutso", ziurtatu dau Gorroñok. Izan be, Correos aurreko gunea eta Astra lotuko dauzan zubiak "aisialdirako gune baten bihurtuko da", esan eban. Puntu horretan, lurzorua aldatuko da eta granitozkoa ipiniko da.