Albisteak

 

Gernika-Lumoko Udalak bizi dugun larrialdi klimatikoa era ofizialean aitortzeaz gain, hainbat neurri hartuko ditu, beroketa globala eragiten duten faktoreak gutxitu edo minimizatze aldera. Klima aldaketa eragin, eta udalari dagozkion faktoreen gaineko diagnostikoa eta hurbilketa egingo du, Jasangarritasun Energetikoaren gaineko 4/2019 Legea udalerrira egokitzeko. Udalerriko egoeraren diagnostikoa kontuan hartuta, prozesu parte-hartailea jarriko du abian udalak, eta legegintzaldian zehar plan bat eratuko du, herritarren eta gizarteko eragileen ekarpenak erantsita. Plan hori aurrera eramatearren, udalak bere esku dituen baliabide ekonomiko eta teknikoak bermatuko ditu.

Gernika-Lumoko udalak bat egiten du Eusko Jaurlaritzak larrialdi klimatikoaren gaineko egoeraren adierazpenarekin. Bat egiten du, halaber, 2040 urterako ezarritako deskarbonizazio-prozesua ahalbidetuko duen politikak abian jartzearekin. Horretaz gain, Gobernuari eskatuko dio beharrezko neurriak har ditzala, klima aldaketa dela eta jasango ditugun ondorioei zelan aurre egin jakin dezagun.