Albisteak

 
  • Gaueko geldialdiak eskatu ahala izango dira eta bakarrik geratzen diren emakumeei zuzendutakoa izango da, batez ere.
  • Berdintasun arloak eraso sexisten gaineko informazio-gune bat jarriko du jai eremuan bertan.

Gernika-Lumoko Udalak Bidebusaren gaueko zerbitzu berezi bat jarriko du abian Andra Mari eta San Roke jai patronaletan zehar, Berdintasun eta Partehartze arloko Irati Martinez Agirrezabala zinegotziak adierazitakoaren arabera.

Hori dela eta, Udalak abuztuaren 10, 14, 15, 16, 17 eta 18rako jarriko du abian autobus zerbitzu hau. Gaueko 22:00etatik goizaldeko 06:00etara bitartean, orduro-orduro izango da ibilian autobusa. Autobusa gelditzeko aukera eskatu ahala izango da, eta helburua da bidaiarien helbideetatik edo joan nahi duten tokitik dagoen eremu hurbileneraino garraiatzea. Zerbitzu honek kontuan hartzen ditu emakumeak edota neska gazteak bakarrik doazenean izan ditzaketen arriskuak. Agirrezabala zinegotziaren esanetan “emakumeak taldean joanda, zailago da horrelako erasorik izatea”.

Erdi bidean geldialdia egin nahi duen emakumeak aurretiaz abisatu beharko dio gidariari eta non jeitsi nahi duen adierazi. Gidariaren esku geratuko da gero, beharraren arabera, edo kontuan hartu beharko du errepide segurtasunerako kaltegarri ez den tokian egitea geldialdia.

Agirrezabalak ez du esan nahi gabe laga “Genero ikuspegitik landu behar dira politika publikoak, uste baitut abian jarri dugun zerbitzu honekin segurtasunean irabaziko dugula”.

Zerbitzuaren ibilbideak eta ordutegiak Udaleko web orrian eta sare sozialetan daude ikusgai: Twitter, Facebook eta Instagram.

Eraso sexisten aurkako kontzientzazioa

Beste alde batetik, Udaleko Berdintasun eta Partehartze arloak, halaber, Andra Mari eta San Roke jaietan eraso sexista, sexual, homofobo edo transfoboen gaineko Informazio-gune bat jarriko du jai-eremuan bertan, erasorik gabeko jai egunak goza ditzagun.

Karpa bat jarriko da horretarako eta horixe izango da Informazio-Gunea. Helburua argi eta garbi dago: herritarrek jakin behar dute zelako baliabideak dauden eraso baten aurrean, norberak edo hirugarrengo batek nozitutakoaren aurrean, edo diskriminazio sexista bat dela eta, zer egin behar duen jakiteko. Karpa zabalik egongo da abuztuaren 15etik 17ra bitartean, gaueko 21:00etatik 24:00etara bitartean. Halaber, eraso sexista baten aurrean zer egin jakiteko, aholkuak emango zaizkie bai neskeei, bai mutilei.