Albisteak

 
  • Ekimenean musika eskolan ari diren lau urtetik gorako umeek hartuko dute parte.
  • Toki berezietan gauzatuko da, Kaltzada Egoitzan edo Euskal Herria Museoan beste batzuen artean

Segundo Olaeta Musika Eskolak 7 egun iraungo duen hirugarren aste kulturalari ekingo dio, erritmoak eta soinuak toki alternatiboetan entzuteko aukera emanda. Ekitaldiak bihar, ostirala, hasiko dira Musika Eskolan, 17:30ean pianoan arituko diren bakarlarien kontzertuarekin. Ekainaren 17an, astelehena, formatu berdina errepikatuko da, Kaltzada Egoitzan bibolin eta orkesta ikasleekin. Gero, arratsaldez, soinuak Elai Alai aretoan entzungo dira, 18:00etan, trikiti, piano, txistu, flauta, aire-tresna, metal-tresna eta txistu taldearen eskutik.

Ekainaren 18an, txistu, bibolin, klarinete, flauta, saxoa, txeloa eta akordeoia arituko dira Euskal Herria Museoan, 18:00etan. Hurrengo egunean, ekainak 19, 17:30ean, soinu berdinak entzungo dira Elai Alai aretoan eta 19:00etan piano ekitaldiak entzungo dira areto berdinean.

Ekainaren 20an, txelo taldea eta orkesta, Busturiako liburutegian entzungo dira, 18:30ean eta Lizeo Antzokian, ganbara musika, akordeoia, fanfarria, gitarra klasikoa eta elektrikoa, banda eta trikitiak arituko dira 19:00etan. Ekainaren 21ean, piano bakarlariak gauzatuko dira Elai Alai aretoan, 17:00etan eta 20:00etan txistu eta trikitiak kalerik kale ibiliko dira eta Rock N`Band bandak bukaera emango dio egunari San Juan Ibarran 22:00etan hasiko den kontzertuarekin.

Azkenik, ekainaren 22an, 20;00etan konbo eta Some Rocker’s taldeak arituko dira San Juan Ibarran.