Albisteak

 

Euria egiten duen egunetan Gernika-Lumoko Bekoibarra poligono industrialean dauden uholde arrisku eta arazoak bukatzear daude. Udalerriko Udalak eta Euskadiko Ur Agentziak (URA) lankidetza hitzarmena sinatu dute, Oka ibaiaren ingurutik herriko parke industrialeko pabiloien atzealdera dagoen arloan hobekuntzak gauzatu ahal izateko.

Obra proiektua Bekoibarrarako konexio bide berria eraikitzea izango da, 360 metro luzera eta 9,70 metro zabalera izango dituena, eremu industrialeko kaleari jarraipena emateko eta Aldape kalearekin batzeko.

Planaren barruan azpiegitura neurriak ere badaude, uholde arriskua murritz dadin alboko lurzatietan. Horretarako, orain dauden metalezko barandak kendu eta babes harresiak jarriko dira San Bartolome eta Errenteria zubien artean dagoen arloan, Bekoibarran egingo den bide berriarekin bat egiteko.

Hormigoizko harresiak kanpoaldean metro bateko zabalera izango du espaloia eta Oka ibaiaren artean. Era honetan, suerta daitezkeen uholdeen aurrean babesa emango du.

Bigarren fasea

Beste alde batetik, egongo den konexioaren beste aldean, Errenteriako zubia eta Uharte kalearen artean, harresiak barandaren funtzioa beteko du.

Hobekuntza planari dagozkion lanak datorren urtean burutuko dira eta 1,2 milioi euroko aurrekontua izango dute. Hitzarmenaren arabera, kopuru horren %66 Udalak finantzatuko du eta gainerakoa URAk. Plan honek geroago beste bigarren fase bat ere izango du.

Lanak amaitu ostean, Gernikako Bekoibarra parke industrialak uholdeen aurrean duen ahultasuna murriztu egingo da. Obra honi esker, gune hori gauza gehiagotarako ere erabiliko da eta bertako lurzatietan jarduera gehiago ere egin ahal izango dira.