Albisteak

 

Gernikako bonbardaketaren urteurreneko ekitaldietan, bakearen eta adiskidetzaren baloreak sustatzea ohiko bihurtu da. Aurten, 82. urteurrena ospatuko den honetan, hiribilduak beste urrats bat ibili gura izan du memoria historikoa berreskuratzeko. Horretarako ondorengo saria emango du lehenengoz: 'George Steer Saria/ Gernika Bakearen aldeko Kazetaritzarekin bat'.

'The Times' y 'The New York Times' egunkarietan gauzatutako kroniken bitartez, 1937ko apirilaren 26an jasandako eraso bortitzaren berri munduan zabaldu zuen britaniar kazetariaren izena eramango du ekitaldi honek. José Mari Gorroño hiribilduko Alkatearen hitzetan «kazetari honi esker ezagutu zuen munduak egia».

Deialdiaren helburua da edozein nazioko profesionalek «bakearen aldeko kazetaritza eta giza eskubideen defentsan egindako lana» azpimarratzea, izan ere, lehenengo edizio honen oinarrietan horrelaxe adierazten da. Sari honek balioztatuko du «hainbat gatazketan gertatutakoa kontatzeko, komunikabide grafiko, zein idatzizko, zein ikus-entzunezkoetako kazetari eta korrespontsalen ezinbesteko lana, sarritan bizitza bera ere galtzeko arriskuan egindakoa» Alkatearen esanetan.
 
Beste sari batzuk

Sari hau apirilaren 27an banatuko da, eta hiribilduko Udalak deitutako profesional taldea izango da hautagaien zerrenda gauzatuko duena. Hala ere. epaimahaiaren erabakia «martxoaren bukaeran» emango da Gorroñok adierazitakoaren arabera. Sariaren izaera urterokoa izatea da eta arte lana bakarra izango da saritzat emango dena.

«Egiarekiko konpromisoa erakutsi duten» kazetarien lana beste batzuetan ere saritu ohi da, urteetan zehar. 2006an George Steer kazetariari omenaldia egin zion hiribildu honek eta, duela bi urte, pertsona honi egindako omenaldia areagotu egin zen, beste kazetari batzuen lana ere saritzeko, besteak beste Mathieu Corman, “Ce Soir” egunkariaren korrespontsal belgikarrari egindakoa, «beronek ere hiribilduaren bonbardaketaren kronika idatzi baitzuen» Gorroño jaunak gogora ekarri zuenez. Horrez gain, 'Bakearen hiria' izen pean munduan zehar ezagututako herri honek, Bakearen eta Adiskidetzaren aldeko Sariak ere banatzen ditu. Aurtengo saria Christos Stylianides zipretar politikariari eta Paul Preston, Ángel Viñas eta Xabier Irujo historialariei emango zaie.