Albisteak

 

Eskualdeko Udaletako Gazte Zerbitzuek (Gernika-Lumo, Arratzu, Bermeo, Ereño, Forua, Gautegiz-Arteaga, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrieta) 14 urtetik 35 urtera bitarteko gazteei zuzendutako hainbat formakuntza ekitaldi sustatu dituzte 2018an Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera. Programa desberdinetan hartu dute parte 309 gaztek eta 18tik 35 urtera bitartekoak izan dira enpleguarekin loturiko jardueretan gehien parte hartu dutenak.

Izan ere, “Lana bilatzea, Lana da” lemapeko ekimena izan zen arrakastatsuena, lan merkatuan sartzeko laguntza eskaintzen zuena. Egitarau honen helburua izan da enplegu gabeko gazteei edo lehenengoz lanean hasteko zeudenei laguntzea eta, gainera, ekintzailetza sustatzea ere bai. Horretarako “Enpresa-ideien lehiaketa” antolatu zen, bosgarren edizioa, jada. Honetan 13 proiektu aurkeztu ziren. Hala ere, guztietatik nagusi Busturialdeko Gaztedi Bekak egitaraua izan da. Inolako lan esperientziarik ez duten 18 urtetik 25 urtera bitarteko gazteei aukera ematen diena eskualdeko enpresetan formakuntza eskuratzeko. Esan behar da, bekadunen % 85a lan kontratu bitartez hainbat erakunderen langile-zerrendetan sartu dela.

Beste alde batetik, formakuntza ikastaroak direla eta, “Keinu-hizkuntza” eta “Psikomotrizitatea” izan dira hasiera bateko aurreikuspenak gainditu dituztenak. Sustatutako beste ikastaro batzuk hurrengo hauek ere izan ziren: logistika, komunikazioa, marketina edo sare sozialetan arriskuak ekiditeko ikastaroa. Azken honek 236 ikasle izan zituen, 14 urtetik 16 urtera bitartekoak, Gernikako Barrutialde eta Gernika institutuetakoak eta Bermeoko institutukoak.