Albisteak

 

Busturialdeko Udalek, horien artean Bermeo eta Gernikako Udala,  eskualdeko garapen agentzia bien bitartez, enpresentzat diru-laguntza linea bat eratu dute kontratazioak egiteko. Helburua enplegua sustatzea  da eta, era berean, eskualdeko garapen ekonomikoa indartzea.

Eskualdeko enpresei bideratutako aurrekontu osoa 125.762,29 eurokoa da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 2018ko ekainaren 13ko EHAAn argitaratu zuen laguntzaren bidez.

Kontratuek gutxienez 3 hilabeterako izan beharko dute eta edozein kontratu mota erabili ahal izango da, prestakuntza eta ikasketa kontratuak izan ezik. Kontratuak lanaldi osorako edo gutxienez %50eko lanaldi partzialekoak izan behar dira eta kontratatzen den pertsona Lanbiden enplegu eskatzaile gisa izena emandakoa izan behar da

Lanaldi osoko eta sei hilabete edo gehiagoko kontratuek, gehienez, 6.000 euroko diru-laguntza jaso dezakete, beti ere, subentzioa soldataren kostuaren % 75a baino txikiagoa bada. Denbora partzialeko kontratuen edo hiru eta sei hilabete bitartekoen kasuan, diru-laguntza lanaldiaren edo lan egindako denboraren proportzionala izango da.

Diruz lagundutako kontratuak 2018ko ekainaren 14tik 2019ko ekainaren 30era artekoak izango dira, dena den, kontratuak 2018ko ekainaren 14tik eta 2019ko martxoaren 1era gauzatu beharko dira.

Eskabideak aurkezteko epea Bizkaiko Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratu den egunaren biharamunean hasi da, eta 2019ko martxoaren 22an bukatuko da.

Informazio gehiago nahi izanez gero,  Bermeoaldeko Behargintzan (Zubiaur tar Kepa 26-28, 1; telef. 96 617 9190) eta Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenak agentzian  (Alhondiga, 6; telef. 946255758) kontsultatu daiteke. Bestalde, eskabideak Gernika-Lumoko Lanbide-Ekimenak bulegoan aurkeztuko dira, agiri guztiekin batera, ordutegi honetan: astelehenetik ostiralera: 08:00-15:00.