Albisteak

 

Udalak hiribilduko Aldape kaleko 6an dagoen eraikina egokitu egin du, eskualdean dagoen Oinarrizko Lanbide Heziketako Ile-apaindegi eta Estetika eskola bakarra suspertzeko. Pasa den ikasturtera arte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak araututako egitarau akademikoa Alhondiga kaleko 6an dagoen Lanbide Ekimenak zentroan gauzatu da, horretarako prestatutako geletan.

Eraikinak izan dituen irisgarritasun arazoak konpondu egin dira, eta toki handiago bat prestatu da. Ile-apaindegi eta Estetika eskola berriak 268,65 metro karratu ditu, bi solairutan banatuta.

Ikasleek dituzten ezaguerak praktikan jartzen dituzten tailerra beheko solairuan dago eta 100 metro karratu ditu. Areto horretan bertan komunak presatu dira, erosotasun handiagoa izan dezaten.

Eraikinak 40 metro karratuko azalera duten bi gela dauzka. Gainera, ikasleek eraikinetik kanpo aisialdirako tokia izango dute, atsedenaldiak emateko, aurreko eskolan zutena baino handiagoa.

Gehieneko ikasle kopurua

Bi ikasturte dituen formazio-zikloak 30 ikasle dauzka, ikasturte bakoitzean 15. Espazio honek duen kapazitatea guztiz bete du eta bertako parte hartzaileak gure udalerritik ez ezik, hurbileko beste herri batzuetatik ere badatoz: Bermeo, Lekeitio, Durango eta Mungia, besteak beste.

Eskola 15 urtetik 17 urtera bitarteko gazteei zuzenduta dago, eskola-gradurik ez dutenei. Bertako formazioak lanbide heziketako erdi mailako graduetan sartzeko aukera ematen du sarrera probak egin barik. Egitaraua Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduta dago osorik, eta aurtendik aurrera Erasmus beka lortzeko aukera edukitzeko eskaintza egongo da, ikasleek beraien formazioa “Italian” handitzeko Lejarragaren hitzetan.

Gernikako Ile-apaindegi eta Estetika eskolako gaien artean hurrengo gai hauek daude: Zientzia aplikatuak, Komunikazioa, Gizarte-zientziak, Lanbide-formazioa eta -orientazioa.