Albisteak

 

Aurtengoan ere gazta saltokiak izango dira gehien (52); eskulanetakoak 50. Hurrengo datoz ortuarienak (45) eta txakolinarenak (19). Gainera, ogirako eta euskal pastelerako 42 saltoki izango dira, 13 kontserbetarako, 16 makinariarenak, 8 fruta saltokiak, 4 eztirako, 6 sagardorako, erroskila saltokiak 5, 4 esnekienak, 7 patedunak eta 16 beste batzuk.

Saltokirik gehienak Artekalean kokatuko dira (66); beste batzuk, ostera, Pasealekuan (50), San Juan kalean (48), Juan Calzada kalean (46), Santa Ana aparkalekuan (42), Industria kalean (40), Domingo Alegria plazan (20), San Juan Ibarra plazan (7) eta Eria lekuan (5). Bestalde, txosnak kokatuko dira Foru Plazan, industria kalean, Saraspe plazan, Alondegia kalean, San Juan Ibarra plazan eta Juan Calzada kalean.

Lehiaketak izango dira hurrengo ataletan: ortuariak, frutak, loreak, txakolina, eztia eta gazta. Horrez gain, zesta punta finala izango da Jai Alai frontoian; aurreko zapatuan, 27an, 19:00etan izango dira kanporaketa partidak, Goikoetxea-Hernandez / Hormaetxea-Ekhi eta Olharan-Lopez / Olha-Etcheto. Finala astelehenan 18:00etan izango da, Jai Alai frontoian.

Adituen epaimahaia

Epaimahaiari dagokionean, euskal nekazaritzako teknikari adituz osatuta egongo da. Gaztaren ataleko epaimahaian sukaldaritzako ezagunak ere izango dira: Aitor Elizegi Bascook jatetxekoa; Beñat Ormaetxea Jaureguibarria jatetxekoa; Daniel Garcia Zortziko jatetxekoa; Iñigo Ordorika, Zallo Barri jatetxekoa; Javier Gartzia Boroa jatetxekoa; Mikel Población; Neskutz Aranzabal Zallo Barri jatetxekoa; Ricardo Perez Yandiola jatetxekoa; Sergio Ortiz De Zarate Zarate jatetxekoa, Txemi Arrizabalaga Aisia jatetxekoa, Zigor Iturrieta Txoriene jatetxekoa eta Ana Martín eta Mikel Garaizabal enologoak.

Kale batzuk itxita

Azoka dela-eta kale batzuk itxi egin beharko dira zapatu honetatik hasita, inguruko kaleetatik trafikoa desbideratuz.

Itxiko diren kaleak: Adolfo Urioste, San Juan, Artekalea eta Juan Calzada; azken bi kale hauek bihar, urriak 26, 20:00etatik aurrera itxiko dira; San Juan kalea, ostera, larunbatean 14:00etatik aurrera.

Aipatu kaleak itxita mantenduko dira hurrengo martitzenean ere, garbitasun lanak egiteko.

Azken Asteleheneko egitaraua

9:00etan - Nekazaritza lehiaketaren hasiera eta nekazal makinariaren erakusketa
12:00etan - Bertsolariak Merkurio iturrian, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Oihana Iguaran
13:30ean - Sari banaketa Merkurio iturriaren aurrealdean
18:00etan - Zesta punta partidak Jai Alai frontoian