Albisteak

 

1937ko apirilaren 26an, 15:45ean, Luftwaffe hegazkin alemanak hiribildura hurbildu ziren; merkatu eguna zen astelehenean eta lau orduz dena bonbardatu zuten, dena suntsitu zuten, eta ehunka hildako utzi zuten.

Gertaera hauek ez ahazteko, Gernika-Lumoko Udalak “Oroimenaren Ibilbidea” jarri du martxan hegazkinen atakeak gehien jo zuen tokietatik zehar. Bonbardaketako 11 tokirik esanguratsuenak ikustea izango da helburua, lekukoek nola bizi izan zuten adieraziko dute eta argazkiak ikusi ahal izango dira. Ekimen honek hiru ildo batzen ditu: ikerketa historikoa, bizi izan zutenen lekukotasuna eta bonbardaketa aurretik Gernika nolakoa zen ikusi ahal izateko aukera.

Sarraskia bizi izan zuten lekukoek izandako esperientzia erakutsiko du ibilbideak. Suertatutako sarraskiak utzi zituen urratsak Gernikarrek zein bisitariek ezagutu ahal izateko, ordubete inguruko ibilbidean erraz topa daitezkeen tokiak bisitatuko dira.

Bunkerretatik ibiltzeko aukera ere sartuta dago

Gernika-Lumok, oraindik gaur egun, Gerra Zibilaren hondakinak mantentzen ditu. Hegazkinetatik babesteko 1936ko urrian eta azaroan eraikitako babeslekuak, sasoi hartako oroigarririk nagusienetarikoak dira, eta orain “Oroimenaren Ibilbidean” kokatu dira.

Pasealekuan kokatutako bi babesleku eta Astrako hegazkinetatik babesteko lekua bisitatu ahal izango dira. Hauetan Gernikarrak lau ordu baino gehiago eman zuten ezkutatuta erasoa bukatu zen arte.

Proposamena da bi toki hauek bisitatzea inolako gidaririk gabe, ibilbidearen foiletoa erabilita eta Turismo Bulegoan lor daitekeen plano turistikoa izanda.

Pasealekuko babeslekuaren tunelak ibilbidearen gune nagusia dira. Batek 15 metroko luzera du eta 2 metro baino gehiagoko zabalera. Bertan, berebiziko esperientzia bizi ahal da bonbardaketaren birsortzearen bitartez. Bunker honek, irudiak eta soinuak erabilita, lortuko du bisitariak bonbardaketan su-bonben erasoa bizi izan zutenen esperientziaren parean jartzea.

Beste babeslekua bukatu barik geratu zen; 3,80 metroko sakonera du eta barruan maketa bat dago kokatuta gune horretarako proiektatuta egon ziren babeslekuekin.

Gernikako Bakearen Museoak antolatutako eta ekoiztutako TRANSIT Gernika erakusketak osatzen du tokia. Iraganeko eta gaur egungo toki eta parajeetara eraman nahi gaitu erakusketa honek. Hirugarren adinekoen Zentroan dago kokatuta erakusketa eta ikusgai egoteko ordutegia ondorengoa izango da: 10:30-13:30 eta 15:30-21:30.

Bisitatzeko moduan dagoen beste gune bat Astrako ibilbidea da, Ibarreko eremu industrialean kokatuta dagoena. Honek balio izan zuen eremu horretako langileak babesteko. Erasoak egotekotan seguruago izan zedin hormigoia erabilita eraiki zuten eta ganga-sabaia jarri zioten. Eraikin hau sabai faltsu batean ezkutatuta egon zen, hegazkinetik ikusita etxebizitza baten itxura izan zezan. Bisita ordutegia ondorengoa izango da: astelehenetik ostiralera 10:30etik 18:30era eta larunbatetan 10:00etatik 15:00etara.