Albisteak

 

Iaz abian jarri zen ekimena ez da izaera lokala duen proiektua, izaera nazionala du; Euskal Herri osoan aurrera eramaten den egitasmoa baita. Aurten, iaz baino herri gehiagotan burutuko den ekimena dela honakoa jakinarazi dute antolatzaileek: “Gero eta handiagoa den ekimena da, txoko gehiagotan burutzen dena eta horrela jarraitzea espero dugu”.

Egitasmoaren helburu nagusia herritar euskalzaleak aktibatzea eta horrela hizkuntza ohiturak aldatzea zela jakinarazi zuten arduradunek. Bereziki, 11 egun euskaraz ekitaldiak euskararen erabilera “sustatzea, indartzea eta areagotzea” bilatzen duela esan zuten. Egitasmoa aurrera eramateko “parte hartzea” ezinbestekoa dela aitortu zuten arduradunek, herritar aktibatuak izatea funtsezkoa baita egitasmorako. Hori horrela, parte hartzaileek bi rol izango dituzte: Ahobizi eta Belarriprest. Lehendabizikoek euskaraz hitz egin beharko dute euskara ulertzen duten pertsona guztiekin, nahiz eta gaztelerazko erantzuna jaso dezaketen. Bestalde, ezagutzen ez dutenei ere, lehendabiziko hitza euskaraz zuzendu beharko diela adierazi zuten arduradunek. Belarriprest rola dutenak berriz, euskara entzutera ohituko dira. Berba egiteko erraztasunik izan ez arren, euskara entzuteko “prestutasuna” izan beharko dutela jakinarazi zuten aurkezpenean.

Euskara herrian

Gernika-Lumoko hizkuntza ezagutzaren inguruko azken neurketen arabera, herritarren %67,6 euskaldunak dira. Euskaraz hitz egiteko arazoak dituztenak baina entzuteko eta ulertzeko gai diren herritarrak %16 osatzen dute eta azkenik,  %16,4 erdaldunak dira herrian, euskaraz ez dakitenak alegia. Kalez kaleko erabilera aztertuz gero, aurkezpenean emandako datuen arabera, euskara kalean %49,4 herritarrek praktikatzen dute. Gazteleraz aldiz, %47,3 herritarrek hitz egiten dute eta %3,3  dira beste hizkuntza batzuetan komunikatzen direnak.

Datuak aztertuta, egitasmoa burutzea “bidezkoa” eta “beharrezkoa” dela uste dute arduradunek eta ekimenari begira, erronka handia planteatu dute antolatzaileek: 1.600 ahobizi eta 500 belarriprest lortzea azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarte. “Denon artean lortuko dugulakoan gaude”, aitortu dute Batzordeko arduradunek.

Momentuz, Euskaraldia Batzordean Gernika-Lumoko 14 eragilek parte hartzen dute, baina izena ematerako irailera arteko tartea dagoela  adierazi dute.