Albisteak

 

Bidebusa udal zerbitzuak 82.550 bidaiari izan ditu 2017an; 2016an, ostera, 82.059 bidaiari izan ziren. Bidaiari gehiketa honek adierazten du hiri garraio zerbitzu hori egonkortu egin dela, biztanleak ordutegiarekin eta geralekuekin ohitzen joan diren heinean.

Datuak zehatz aztertzen badira, ohartzen gara urtarrilean eta maiatzean direla bidaiaririk gehien, 8.479 eta 8.144 hurrenez hurren.

Gernika-Lumoko hiri garraio zerbitzu hau 2014an jarri zen martxan eta joan-etorriko ibilaldi zirkularrak egiten ditu, 8:10etik 13:30era eta 16:45etik 19:30era, astelehenetik zapatura. Autobusa Lorategietan ateratzen da, ordu oro, astelehenetik zapatura. Arratsaldean, aldiz, Seber Altubetik hasten da, gero hurrengo hiru irteerak Lorategietatik egiteko. Guztira 25 geldialdi egiten ditu goizez eta hiru gutxiago arratsaldez.

Autobusak 22 bidaiarirentzako lekua dauka, alboratzeko sistema bat ere badauka eta elbarritasuna edo mugitzeko ezintasuna duten bidaiarientzako igogailu elektrikorako plataforma ere bai.