Albisteak

 

Datorren igandean, urtarrilak 14, Gernikazarrak, urtero bezala, Gernika-Lumoko mugetatik ibilaldia burutuko du. Bi herri hauen bat egitearen urteurrena ospatzen da. Gernika-Lumoko udala laguntzagaz.

Historia apur bat:

Erdi Aroan Gernika Lumoren auzoetariko bat zen, eleizatearen portu funtzioak betetzen zituena hain zuzen ere.

Egoera hau zeharo aldatu zan 1366.n, Don Tello kondeak, dekretoz, Gernika hiri bihurtu zuenean, Lumorengandik askatuz, eta lur sail handiak, eskubideak eta pribilegioak emanaz.

Lumok berehala egin zion aurre egoera berriari, eta mendeetan zehar etengabeko pleitoetan murgilduz bere lurrak eta eskubideak berreskuratu nahiean. Giro honetan, bi herrien arteko liskarrak eta ikusiezinak biziak izatera iritsi ziren.

Baina XIX mendearen azkenerantz, arrazoi ekonomikoak bitarteko zirela, eleizatea eta hiriaren arteko konponketa beharrezkoa ikusten hasi zen: dagoeneko argi zegoen industri berria ezartzen zen tokietan aberastasuna ikusten zela.

Etzeuden, ordea, ez Lumo ez Gernika, bere etengabeko pleitoekin, industria erakartzeko tokirik aproposenak. Gernikak industria garatzeko legedi egoki bat bazuen ere industri hori non ezarri etzuen; Lumok, alderantziz, terreno egokiak zituen ibarrean, baina etzuen legedi egokirik.

Egoera honen aurrean Lumoko eta hiriko buruzagi talde batek batasuna bultzatu zuen, 1882ko urtarrilaren 8n burutu zelarik. Dekreto berriak honela zioen: "...la villa de Guernica y la anteiglesia de Luno formarán un solo municipio que se denominará Guernica y Luno. Rigiéndose por la legislación foral el territorio que hoy pertenece a Luno, y a la legislación común el que hasta ahora forma parte de la villa de Guernica".

Jardueraren datuak

* 08,45: Udaletxearen enparantzan bilkura.
* 09,00: Irteera, udaletxeko kanpaiekin batera.
* Ibilbidea: Udaletxeko enparantza – Ocho de enero – Lumoko Udaletxe Zaharra – Camino real –– Landaberde – Elorretalanda – Errigoiti – Bilikario – Arana – Lurgorri – Zallobieta – Lumoko San Pedro.
* Amaiera: 12,30 aldera.