Albisteak

 

Kultur Etxeko beheko solairuan dagoenak 200 metro karratu ditu. Liburutegi hau Pasealekuko hegoaldean zeuden antzinako eskoletako lokaletara eramateko ametsa gero eta hurbilago dauka Gernika-Lumok. Liburutegi berriak 715 metro karratu izango ditu. Udalak hurrengo lau eta bost hilabeteetan, nesken eskola izan zen eraikin horretan liburutegi berria egiteko proiektua lehiaketara aterako du.

“Herriak aspalditik duen beharrizana eta aldarrikapena da eta eraikinaren desatxikitzea lortzen dugunerako jarriko dugu martxan. Desatxikitze horren ardura Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak dauka” José Mari Gorroño Gernika-Lumoko Alkatearen hitzetan. Udaleko zerbitzu hau Pasealekura eramateko asmoa errealitate bihur daiteke “bi urteko epean, dena ateratzen bada aurre ikusita daukagun moduan”.

Pasealekuko inguruak dituen mugikortasun arazoak konpontzea xede duen plan baten barruan dago kokatuta liburutegi berriaren proiektua. “Eraikinaren hegoaldean sartu ahal izateko, eskailera ugari igo behar denez, pentsatu dugu zinta mekaniko bat jartzea muga arkitektonikoak kentzeko”.

Izan ere, zinta mekanizatua Pasealekuko eskaileren hasieratik konektatuko litzateke liburutegiaren sarrera nagusiarekin. Horrez gain, gehiago ere luzatuko litzateke, eraikinetik hurbil dagoen auditoriora hain zuzen. “Horrela hirigunea eta herriko goiko aldea, Juntetxea eta anbulatorioa dauden aldea, batu egingo genituzke”.

José Antonio Arana Martija

Liburutegi berria jarriko den tokia ahalik eta gehien aprobetxatzeko, eraikinaren ondoan beste etxe bat eraikitzea aurre ikusita dauka Udalak; Gorroñoren hitzetan “horrela bulegoak, komunak eta gainerako zerbitzuak luzatu egingo lirateke. Daukagun asmoa da, ekipamendu berrirako ahalik eta lekurik handiena gordetzea”.

Pasealekuko hurrengo kultura zentroari emango zaion izena José Antonio Arana Martija zendutako euskaltzalearena izango da.