Albisteak

 

Segundo Olaeta Musika Eskolak hirugarren aste kulturala ospatuko du, eta oraingo honetan zenbait aldaketa proposatzen dituzte, ekimena bizirik dagoelako. Aldaketa nagusia ekitaldi kopurua izan da, aurrekoetan 3 egunetan aritu izan dira eta aurten 8 egunetan jardungo dute.

Hau horrela, hasiera asteazkenean emango zaio Elai Alai aretoan, 18:00etan, musika tresna ugarik jardungo duelarik. Hurrengo egunean, ekainaren 15ean, osteguna, berriro arituko dira, eta ostiralean, ekainak 16, piano ikasleak igoko dira agertokira 17:30ean. Kaltzada egoitzan biolontxelo kontzertu bat emango dute, astelehenean, ekainaren 19an.

Ekainaren 20an, asteartea, ikasle gaztetxoen abesbatza egongo da, 7 urtetik 9 urtera bitartekoak hain zuzen, Lizeon 17:00etan. Ondoren, 19:00etan, zentroko taldeak arituko dira: Trikiti Taldea, Txistu Taldea, Trikitixa Taldea, Fanfarrea, Gitarra Taldea Orkestra, Gazteen Banda eta Txikien Banda. Gitarra elektrikoa, musika modernoa eta jazza asteazkenean, ekainak 21, Lizeon entzun ahal izango ditugu, 18:00etan.

Ekainaren 22an, osteguna, Busturiako Kultur Etxean jardungo dute musikariek, 18:30ean, eta trikiti, orkestra eta biolontxeloa izango dira bertaratuko dituzten tresnak. Egun berean, 21:30ean, San Juan Ibarran abesbatzak eta konboak entzun ahal izango ditugu. Bukatzeko, ostiralean, ekainak 23, trikitixa eta txistu kalejira ibiliko dira herriko kaleetan zehar 20:00etatik aurrera, eta San Juan Ibarran, 22:00etan, bandak klasikoak joko ditu “Rock N’ Band” jaialdian.