Albisteak

 

Izen-emotea ekainaren 5ean irekiko da, egun horretan bertan martxan jarriko dan www.gaztedibusturialdea.eus webgune barriaren bitartez. Ikastaroa ‘Lana Bilatzea, Lana Da’ programaren barruan kokatuta dago eta Bizkaiko Foru Aldundiagaz sinatutako “Gaztedi Busturialdea” hitzarmenean oinarritzen da.

“Psikomotrizidade erlazionala: aukera bardintasunerako eta emozinoen lanketarako" formazinoa antolatu dabe, Bermeo, Gernika-Lumo eta Urremendik batzen dabezan Arratzu Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietako Udaletako Gazteria Sailek.

Formazinoa Eusko Jaurlaritzak homologatuta dago eta 125 orduko iraupena dauka. Horreetatik, 104 ordu aurrez aurreko saio teorikoak izango dira. Ganera, urte amaieran eta bi hilero, bideoak aztertuz egin behar dan lanerako beste 21 ordu erabiliko dira.

Eskolak eguazten eta bariku arratsaldeetan (17:00-20:00) eta zapatu goizetan (10:00-14:00) izango dira, hilean behin, 2017ko irailetik 2018ko ekainera arte.

Arratzu, Bermeo, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietan erroldatutako 35 urtetik beherako gazteek 450 euroko matrikula ordaindu beharko dabe. Halanda be, ikastaroa amaitu ostean %90etik gorako parte-hartzea izan dabenei 100 euro itzuliko jakez.

Ganerako herrietan erroldatutakoek eta 35 urtetik gorakoek 700 euro ordaindu beharko dabez. Halanda be, lehentasuna izango dabe 'Gaztedi Busturialdea' programan parte hartzen daben herrietan erroldatutako 16 eta 35 urte bitarteko gazteek.

Izena emoteko epea uztailaren 21era arte egongo da zabalik. Horretarako, www.gaztedibusturialdea.eus web orrialde barrian dagoan formularioa bete eta bialdu beharko da. Plaza kopurua mugatua da (15 plaza). Beraz, eskainitako plaza kopurua interesdunen kopurua baino txikiagoa bada, hautaketa egingo da eskabidea egin dabenen artean. Lehentasuna izango dabe Magisteritzako, Haur Hezkuntzako, Gizarte Hezkuntzako, Psikologiako edota Lehen Hezkuntzako Goi Mailako ikasketak dabenek.

Bermeo eta Gernika-Lumoko udaletako Gazteria Zerbitzuek eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko Gazteria Zerbitzuek www.gaztedibusturialdea.eus web orrialde barria jarriko dabe martxan ekainaren 5ean. Bertan Gaztedi Busturialdea proiektuan lantzen dabezan lan ildoak batuko dira.

Bekak, prestakuntza, enplegua eta ekintzailetza izango dira lan arlo nagusiak eta horreetan eskaintzen dabenaren informazioa batuko da webgune barrian. Ganera, ikastaro, hitzaldi edo bestelakotan izena emoteko aukera be egongo da bertan. Atari honek ganera, ikastaro, hitzaldi edo bestelakotan izen emoteko izapideak be erreztuko dauz, aukera emongo daualako izen-emotea bertan egiteko.