Albisteak

 
Busturialdeko eskualdean 2016ko abenduan Ezkutuko Altxorrak Azaleratuz proiektua martxan jarri zuten Busturialdeako 20 udalerriek, Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako Behargintza eta Lanbide Ekimenak Zentroaren eskutik. Ondoren, Urdaibaiko Patronatuak, Urremendik eta Bermeo, Mundaka zein Gernikako Turismo Bulegoek ere parte hartu dute.
Proiektua Busturialdeako Enplegu Planen barruan kokatzen da, eta LANBIDE Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntza izan du. Horri esker, langabezia egoeran egon diren eta goi mailako ikasketak dituzten bost pertsona enplegatu ahal izan dira sei hilabetean zehar aurkezten den proiektu hau egin ahal izateko.

Proiektuaren helburu nagusiak hurrengoak dira: Busturialdeako baliabide turistikoen diagnosia burutzea eta Busturialdeako turismoa deslokalizatzea, turistak gehien bisitatzen dituzten guneetatik beste gune batzuetara bideratzea alegia. Horretarako, puntu turistiko nagusien dibertsifikazioa eta foko berrien bilaketa burutu da, Busturialdean turismo iraunkorragoa lortu asmoz.

Diagnosi fasean gaur egungo egoera zein den ezagutu nahi izan da, eta helburu horrekin Busturialdeako baliabide turistikoen inbentarioa eta azterketa egin dira. Alde batetik, baliabidearen egoeraren balorazioa burutu da adierazle jakin batzuetan oinarrituta, hala nola, balio historikoa, balio naturala, balio kulturala edota hirigintza, azpiegitura eta zerbitzuen egokitzapenak. Bestetik, izaeraren arabera sailkatutako baliabideen testuingurua garatu da. Aurrekoekin batera hobekuntza planak ere eratu dira, eta horien bidez baliabideekiko proposamen eta esku hartze egokiak adierazi nahi izan dira.
Proiektu hau turisten ikuspuntutik jorratu da, hots, turistek eskualdeari buruzko bilaketak nola egiten dituzten ardatz hartuta egin da. Turisten interes puntuetan oinarrituta, turismo plangintza ezberdina eskaini zaie. Horretarako, erabiltzaileen bilaketen azterketa burutu daeta eskualdeko baliabide turistikoak sailkatu dira bilaketa maiztasunaren arabera: zeintzuk diren gehien bilatutakoak eta zeintzuk gutxien.

Baliabide bilatuenen kasuan, baliabide horiek sare sozialetan duten posizionamendua aztertu da horiei eman beharreko tratamendua finkatzeko. Turisten nahiak zeintzuk diren eta zer bisitatu nahi duten ezagututa, eta turismoaren deslokalizazioa aurrera eramateko helburu zehatzarekin, baliabide turistikoen multzoak eratu dira. Multzo horiek euren arteko gertutasun eta izaeraren arabera eskualdeko zonalde ezberdinetan kokatu dira.

Lehen fase hau estuarioan zentratu da eta berau balorean jartzea bilatu nahi izan da, Urdaibai marka estuarioak definitzen baitu. Horretarako, paisaiaren akzio plana eratu da eta estuarioan ematen den turismo aktiboa iraunkortasunarekin elkarlotu nahi izan da.

Proiektuaren aurkezpena Madariaga dorretxean egin zen, atzo, maiatzaren 29an, eta bertan egon ziren 20 udalerrietako ordezkariak; Behargintzako, Lanbide Ekimeneko,  Lanbideko eta Turismo bulegoetako teknikariak, turismo sektoreko ordezkariak eta proiektua hau martxan jartzeko kontratatu diren bost adituak, besteak beste.