Albisteak

 

Datorren maiatzaren 24tik 26ra bitartean, Eskolarteko XXIX.  Antzerki Astea garatuko da Gernika-Lumon, Lizeo antzokian. Udalerriko irakaskuntza zentroak partaide eta Udaleko Hezkuntza Arloa eta Euskara Zerbitzuaren antolakuntza lanak eta babesa bitarteko.

Urteroko jarduera, ikasturtean zehar ikastetxeetan/Institutuetan lantzen diren antzezlanak kaleratzeko eskaparate aproposa. Udal Eskola Kontseiluan ikasturterako finkatzen den eskolaz-kanpoko ekintza komunetako bat dugu, umeak gizarteratzeko bidea jorratzea helburu. Baina, Gernika-Lumoko Euskararen Normalizaziorako Plan Estrategikoan ere aintzat hartuta dago, euskararen erabilpena areagotu eta ahozkotasuna/mintzamena landu nahirik.

Guztira udalerriko 6 zentro, 6 antzeztalde, 160 bat antzezle eta 1.600 ikasle ikusle, LHkoak eta DBHkoak.

Ikasleek ikasleentzat goizez eta arratsaldez eskola orduetan eskainiko dituzten saioez gain, guraso eta familiartekoei eskainitako saioak ere izango dira iluntze partera.

Ekitaldi guztiak Oiz-mendi telebistak grabatuko ditu, emanaldiak telebistatik eskaintzeko hurrengo egunetan. Telesaioen egunen eta orduen berri emango zaie zentro guztiei, inplikaturiko agenteak -irakasleak, ikasleak eta gurasoak- jakitun daitezen eta nahi duenak grabatzeko aukera izan dezan.

Belaunaldi pare bateko ikasleek eutsi egin diote ekimen honi 29 urtetan zehar eta nabarmendu egin behar dugu lan handia dagoela atzean, Gernika-Lumoko udalerriko  irakaskuntza zentro guztietako begirale eta irakasleena, hain zuzen.

2017ko egitaraua
Egunak Orduak Antzeztaldea Antzezlana
Maiatzak 24 11:00 Gernika Institutua
(DBH 1. eta 2. mailako ikasleak)
“Amona maitea”
15:00 Mertzede ikastetxea
(LH 4. Mailako ikasleak)
“Bird Centerrerantz euskaraz olgetan Pirritx eta Porrotxekin”
Maiatzak 25 11:00 Barrutia ikastetxea
(LH 6. mailako ikasleak)
“Zine izarra”
15:00 Seber Altube ikastola
(DBH 1. mailako ikasleak)
“Zergatik ez ba?”
Maiatzak 26 11:00 San Fidel Ikastola
(LH 6. mailako ikasleak)
“Lan baten bila”
15:00 Allende Salazar ikastetxea
(LH 6. mailako ikasleak)
“Lau sorgin eta planeta ero bat”

Egitaraua (PDF 3,32MB)