Albisteak

 

Ostiralean hasi eta igandea arte egingo da Gernika-Lumon Erdi Aroko azoka tradizionala, hamalaugarren aldiz, eta ohi legez, Merkatu Plazan. Aurten azoka honen gaiak esoterismoa eta terrorea izango dira. Hiru egun horietarako antolatu diren ekintzak adin guztietarakoak dira, eta 50 postutik gora egongo dira.

Ikuskizun ugari egongo da ikusteko eta egiteko, malabaristak, erdi aroko armak erabilita borroka-antzerkiak, balezta tiraketa, falkoneria erakusketa, tortura tresnen erakusketa eta beste asko. Bestela ere, «bertaratzen direnek Erdi Aroko errezetak dastatzeko eta larruzko artisau-lanak, zeramikazko eskulanak, burdin lanak eta lore lehorrak eta lurrinak ere erosteko aukera izango dute», Iñaki Gorroño Azoka eta Merkatu zinegotziak adierazi duenez. Akelarrea antzeztuko dute, ekitaldiak ere ikusi ahal izango dira eta Inkisizioaren gaineko kalejira ere egongo da.

Azoka Gernika-Lumoko Udalak antolatu du, eta zabalik egongo da ondorengo egun eta ordutegietan: bihar, barikua, 17:30etik 21:30era,zapatuan 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 22:00etara eta domekan 21:00etan bukatuko da.

Azoka bereziak

Bestalde, gogoratu ekainetik aurrera, hilero-hilero, lehen zapatuetan azoka berezi monografikoa egingo dela. Zapatu berezi horietako bakoitzean, Busturialdeko baserritar eta artisauen lanak eta beste ekoizle gonbidatu batzuen produktu berezien inguruan eratuko dira azokak.