Albisteak

 

Kolonbiako Presidenteak eskerrak eman dizkie, bere izenean eta bere gobernuarenean, Gernika-Lumoko Udalari eta saria eman zion epaimahaiari, sari hau berari eta Rodrigo Londoño Echeverri FARCeko arduradunari ematearren, bake prozesuaren gailurrera iristeko borroka armatuaren bukaera ekarri zuen akordioa sinatzeagatik iazko azaroaren 24an.

Agintariak hurrengo hitz hauek adierazi zituen: “Kolonbiako bake prozesuari begiratzeagatik aitorpena adierazi gura dizuet, borrokak eraldatzeko eta aurrera begirako berradiskidetze prozesuetarako oinarriak jartzeko gure lana azpimarratu duzuelako.

Harro gaude Kolonbian, urte askotako negoziazio gogorren ostean bakea lortzeko akordioa lortu dugulako. Akordioak izan dituen helburuak biktimen eskubideak aldarrikatzea eta 52 urteren buruan herri bereko biztanleen borrokaren bukaera izan dira. Hau dela eta, hain sinbolikoa den saria zirraraz jaso dut, are gehiago Gernikatik etorri delako, duela 80 urte bertan jasan zuten bonbardaketa negargarria oraindik baitago gizateriaren oroimenean.

Nire aldetik esker zintzoa eta gernikarrei agur beroa bidaltzen dizuet Kolonbiatik, etorkizunera begira gaudelako itxaropenez eta ausardiaz.”

Agenda kontuak direla eta, Sergio Jaramillo Cano Bakerako goi agintariak jasoko du saria presidentearen izenean, Gernika-Lumon, apirilaren 26an.