Albisteak

 

Foru hirian turismoak bere sasoirik onenak bizi izan ditu. Horren froga dugu 2016an 140.000 bisitari etorri izana, Euskadin izan diren turista guztien (3.439.462) %4a. Bisitari horiek interes berezia adierazi dute udalerriko hiru ekipamendu hauetatik: Junta Etxea, Bakearen Museoa eta Euskal Herria Museoa. Euretatik, Junta Etxea izan da interesik gehien sortu duena, 140.410 bisitari.

Turista horietatik %50,16ak egun erdia igaro zuen hirian; %33,20ak bi ordu egin zituen, gehienak estatutik etorriak; %14,90ak gurago izan zuten egun osoan egon, gehienak erbestekoak.

Udalerrian egon diren artean, %75,50ak (80.182 pertsona) Junta Etxea eta bi museoetako bat bisitatu izan dute eta %34,10ak gurago izan du erakustoki biak bisitatu. Baina ez dute turismo kultural hutsa egiten, baizik eta gastronomikoa ere bai; goizez etorritako bisitarien %70,03ak (75.368) ostalaritza ezagutu izan du eta egun osoa igaro dutenen %16,90ak (16.035) gure herriko sukaldaritza dastatu du. Frogatuta dago euskal gastronomia erakargarria dela turismoarentzat.

Astelehena aukeratzen da Gernika bisitatzeko

Datu horiek asteko egunekin erkatzen baditugu, astelehena, merkatuagatik, eta eguaztena dira bisitaririk gehien izaten dutenak. Iragan urteko 52 astelehenetan 13.690 bisitari pasatu ziren Turismo bulegotik eta eguaztenetan 12.361 pertsona. Gainera, urtarrilaren 1etik aurrera Turismo Bulegoa ordu gehiagotan zabalik izatea -14:00etatik 16:00etara- apreziatu egin dute bisitariek, 10.292 bisitari izanik, eta 14:00etatik 15:00etara izan zen jenderik gehien izan zuena, 5.400 kontsulta hain zuzen. Horrez gain, uztailean eta abuztuan bataz beste 449 pertsona izan ziren egunero Turismo Bulegoan, egunik jendetsuenetan 800 bisitari ere izanik. Bisitarien gehiengoak honako informazioa eskatu zuen; museoei buruzko informazioa (10.025), gastronomiaz (8.370) eta Santiago Bideari buruzkoa.

Beste adierazle batzuk ere erakusten digute gure udalerriaren arrakasta; 417 turista talde izan dira bulegoan, 14.562 bisitari. Hauek euren aisialdiaz foru hiriaren erdialdean gozatu dute.

Bestalde, bisitarien %57,7ak internet erabiltzen du jakiteko udalerrian zer egin dezakeen eta %26,28ak turismo gidetara jotzen du; %13,27ak familiakoen edo lagunen aholkuei jarraitzen dio. Datu hauek sendotu egiten dute Gernika marka, nazioartean jomuga ezaguna, eta Bizkaia eta Euskal Herrian lekurik bisitatuenetakoa, hiru kapitalen atzetik.