Albisteak

 

Juan Manuel Santos Calderon Kolonbiako Presidenteak, Rodrigo Londoño Echeverri FARCeko arduradunak, eta Gervasio Sánchez kazetariak jasoko dute apirilaren 26an, urtero ematen den sari hau, herriko bonbardaketa gogoratzen den ekitaldiekin batera. Erabakia hurrengo parte hartzaileak izan dituen Epaimahaiak hartu du: Gernika-Lumoko ordezkari politikoak, Pforzheimeko lehenengo zinegotzia, Gogoratuz Fundazioa, Kultur Etxea eta Bakearen Museoa.

Lehenengo saria Kolonbiako Presidenteari emango zaio FARCekin adostutako bake prozesua martxan jartzeagatik. Epaimahaiak azpimarratu du bake prozesuari aurre egiteko agintari honek izan duen indarra. Guda hau Hego Amerikako gatazkarik zaharrena izan da, 52 urtekoa hain zuzen. Saria “Timochenko” FARCeko nagusiari ere emango zaio gobernuarekin bakea sinatzeko egin duen ahaleginagatik, eta bere ekintzak bide politukotik bideratzeagatik.

Bigarren saria Gervasio Sánchezi emango zaio argazkilaritzarekin izan duen konpromisoagatik, eta bere ibilbide osoagatik, 25 urtetan erabili izan duelako argazkilaritza tresna moduan indarkeria salatzeko. Mende honetako gatazka gehienen lekuko izan da Sánchez.

Iaz sariak hurrengo hauei eman zitzaizkien: José Mujuca Uruguayko Presidente ohiari eta Francisco Etxeberria antropologo forentse eta Aranzadi Zientzien Elkarteko partaide denari.