Albisteak

 

Gernika-Lumoko Udalak Ostalaritzan euskara sustatzeko “ Euskeraz goxo-goxo” kanpaina abiatu du Gernika-Lumoko Udalak Hitzargune egitasmoaren bidez, herriko sektore sozioekonomikoan euskararen erabilera bultzatzen dihardu. Hainbat urtetan, bereziki merkataritza eta enpresen sektoreak landu dira, eta bide horretatik ere jarraituko den arren, ostalaritzari bultzada ematea erabaki da aurton.

Tabernak eta jatetxeak erakarri nahi ditugu Hitzargunera, eta era horretan, bezeroekiko dituzten hartu emanetan euskara gehiago erabiltzea lortu: menuak euskaraz jarri, karta… euren negoziorako ona dalako.

Sustapen kanpaina berezi bat egin da eta urriko azken asteburuan erabiltzeko paperezko mahai-zapiak banatuko dizkie Udalaren Euskara Zerbitzuak “Euskeraz goxogoxo” leloarekin. Menu, ogitarteko eta antzeko zerbitzuak eskaintzen dituzten tabernei, egin zaie proposamena.

Kanpaina honen bidez, helburu nagusi bi lortu nahi ditugu: batetik, ostalaritzan euskararen erabilera handitu, eta, bestetik, herrian Hitzargune programa ezagutarazi.

Esan bezala, urriaren 28tik 31 bitartean erabiltzeko erabiliko dituzte mahai-zapiak tabernariek.

Honekin batera bidali dizuegu “Euskeraz goxo-goxo” kanpainarekin bat egin duten tabernen zerrenda.