Albisteak

 

12 eta 26 urte bitarteko neska-mutilek azaroaren 9ra arteko epea dute bakarka, taldeka zein ikasgela edo ikastetxe baten izenean emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako lanak sortu eta "Beldur barik 2016" lehiaketara aurkezteko. Lanok ikus-entzunezkoak izan beharko dute (bideoa, argazkigintza, musika...) eta edozein arte-diziplina islatu dezakete (dantza, margolaritza, performancea, antzerkia...).

Hirugarren aldia da hau Emakundek, Eusko Jaurlaritzak, hiru Aldundiek eta EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak lehiaketa hau deitzen dutena, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako sormen-lan onena saritzeko.

Iaz bezala, Gernika-Lumoko Berdintasunerako Udal Zerbitzuak ekimen honekin bat egin du aurten ere, eta gure herrian "Beldur barik" lehiaketa antolatu du. Lehiaketa bi egongo dira, beraz, gurean, eta bietan parte har dezakezue. Autonomia Erkidegoko lehiaketan parte hartzeko, zeuen lanak helbide elektroniko honetara bidali beharko dituzue: jarrera@beldurbarik.org; eta herriko lehiaketara aurkezteko, berriz, beste helbide honetara: berdintasuna@gernika-lumo.net.

Bietan ere kategoria bi dagoz: bata, 12 eta 17 urte bitartekoentzat; eta bestea, 18tik 26 urtera artekoentzat. Euskadi mailako irabazleari 1.000 €-ko saria emango zaio, eta herrikoari, 250 €-koa. Horrez gainera, aurkeztu diren adierazpide guztiak www.beldurbarik.org webgunean ikusgai ipiniko dira, eta bertan egingo den bozketa publikoan irabazle suertatzen denak beste 300 €-ko saria ere jasoko du.

Argibide gehiago: Gernika-Lumoko Berdintasunerako Udal Zerbitzua berdintasuna@gernika-lumo.net; 94 625 70 90 / 94 625 42 02 telefonoetan edo www.beldurbarik.org webgunean.