Albisteak

 

2016ko Euskal Kopa Malosten (Gernika) ospatuko da irailaren 17an eta 18an. Aurtengo Euskal Kopa Maialen Aulestia gaixotasun arraroa duen lekeitiarraren aldekoa izango da.
Gernika Kesb klubak eta Euskal Federazioak lan handia egin dute Maialen neskatilari laguntzeko. Horretarako, Euskal Kopa honetan egongo diren irabaziak bere familiari emango zaizkio.
 
Gure taldearentzako lehia hau ohiko bihurtu da, denboraldia hasi aurretik. Aurten emakumeen saskibaloi kategoria nagusiko 4 talde arituko dira Malosten: IDK Gipuzkoa, Lointek Gernika Bizkaia, Araski AES eta emakumeen liga2ko GDKO Ibaizabal.
Gure neskek IDK Gipuzkoa taldearen aurka jokatuko dute lehenengo finalaurrekoan, larunbatean, 20:00etan. Larunbatean ere, apur bat arinago, 17:45ean, Araski AEStaldeak bigarren finalaurrekoa jokatuko du GDKO Ibaizabal taldearen aurka. Irailaren 18an, igandea, 3. eta 4. postuetan nor geratuko den jakiteko partida 10:30ean izango da eta, ostean, 12:30ean finala.

Elkartasuna da aurtengo Euskal Kopak duen helburu nagusia, Lekeitioko Maialen Aulestiaren aldekoa, hain zuzen. Partidetako sarreren dirua Maialenen familiari emango zaio. Euskadiko arbitroen batzordeak ere adierazi gura dio elkartasuna, partida hauetan egongo diren arbitraje-eskubideak familiari lagata.
Maialen neskatilaren amarekin izan dugun elkarrizketan ondorengoa adierazi digu:

“Maialenek gaixotasun arraroa du eta pronostikoa larria. Historian zehar bere gaixotasuna 50 bider baino ez da ezagutu. Espainian, Maialen da kasu bakarra, gaur egun. Esan dezakegu, Maialen zientziaren umezurtza dela.
Sindrome honek beste zenbait gaixotasun sortarazten dizkio Maialeni eta, ondorioz, ezin du ohiko bizimodua egin. Egunero estimulazio eta fisioterapia zentrora joan behar du, 6 ordu. Jan ahal dituen elikagaiak ere bereziak dira. Ahoan eta hortzetan arazo handiak pairatu behar ditu. Hala ere, eguneko lan izugarri honek bere bizitza kalitatea hobetu egiten du.

Jakin izan dugu Estatu Batuetan hormona baten inguruan ari direla lanean, eta etorkizunean, agian, Maialeni ikerketa lan honek lagundu ahal izango dio, ez sendatzeko, baina bai bizimodua errazteko, honek farmakoen “erabilera errukigarria” deritzo.

FDA Estatu Batuetako organismoak eta EMEA Europako organismoak ez dute ematen baimena hormona hau farmako moduan erabiltzeko. Sendatzeko biderik ez duten gaixotasun arraroei irtenbidea emateko onartzen da salbuespen modura “erabilera errukigarria”. Guk horixe gura dugu, ahal dugun neurrian, bere bizimodua hobetu eta etorkizunean hormona hau lortzeko aukera izatea Maialeni laguntzeko.
Horrexegatik behar dugu zuon laguntza, guztion artean EZINEZKOA DENA AHALBIDETU egingo dugulako.”

Egun bakoitzeko 2 partidak batzen dituen sarreraren prezioa 10 eurokoa da 14 urtetik gorakoentzat eta 3 eurokoa 14 urtetik berakoentzat. 6 urte baino gutxiago dutenek sarrera dohainik izango dute. Ezin baduzu partidetara joan, baina laguntza eskaini gura badiozu Maialen Aulestiari, Kutxabanken kontu bat ireki da gura duzun dirua ingresatzeko:   ES18 2095 0082 40 9111550114.  

Sarrerak takilean erosi ahal izango dira partidak hasi baino ordu bat arinago.

Anima zaitez eta hurbildu Malostera laguntzera eta kalitatezko saskibaloia ikustera!!!

ZAIN GAUZKAZU.