Albisteak

 

Irailaren 1ean hasi eta irailaren 27ra arte, euskara ikastaroetarako matrikulak egin ahal izango dira udal euskaltegian. Ordutegiz, mailaz eta erritmoz desberdinak diren ikastaro ugari eskainiko dira; HABEko azterketa ofizialak prestatzekoak, gurasoentzakoak, eta beste lurralde batzuetatik datozkigun pertsonentzakoak, ohiko ikastaroetatik aparte.

Gainera, Gernika-Lumon erroldatuta dauden langabetuek, etorri berriek edota SBE (RGI) jasotzen dutenek, besteak beste, hurrengo ikasturtean ikastaroak doan izango dituzte Aita Villasante udal euskaltegian, urritik ekainera.

Ikastaro eskaintza zabala

Eskainitako ikastaroak asteko 10 ordukoak dira, A1, A2, B1, B2 eta C1 mailetarako, goizeko zein arratsaldeko ordutegian. Halaber, badaude ikastaroak talde berezientzako; EGA edota C2 mailak lortzeko azterketak prestatzekoak, esaterako.

Horrez gain, autoikasketarako ikastaroak eskaintzen dira, astean ordu bateko mintza-saioarekin eta bost orduko lan konpromisoarekin, ikasle bakoitzak bere kabuz aritzekoak.

Matrikula euskaltegian bertan egin behar da, Artekalea, 8-1 helbidean. Informazio gehiagorako web gunera jo daiteke (www.gernikakoudaleuskaltegia.eus) edota euskaltegia@gernika-lumo.net helbide elektronikora zein telefonoz deitu (94 627 02 11).

Bestalde, doantasuna ez dagokien ikasleei badagokie matrikularen %50 berreskuratzea, Gernika-Lumon erroldatuta badaude eta trimestrero %85etik gorako asistentzia izanez gero.