Albisteak

 

Urriaren 9an (domeka) burutuko dute Gernika-Bilbo Running nazioarteko lasterketa ez-lehiakorra. Baina dagoeneko izena eman daiteke (barikuan zabaldu zuten izen ematea). Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeak egun horretan eginez gero, lasterketa urriaren 12ra atzeratuko dutela jakitera eman dute.

18 urtetik gorakoek parte hatu dezakete. www.gernikabilbaorunning.com webgunean eman behar da izena, eta bertan dago lasterketaren inguruko informazio guztia. Irailaren 16a arte dago izena emateko epea. 5.000 korrikalariko muga ipini dute, momentuz.

Abuztuaren 15a arte izena ematen dutenek, Bilbao Kirolak edo Gernika-Lumoko, Zornotzako, Galdakaoko eta Basauriko kiroldegietako bazkide izanez gero, %20ko deskontua izango dute.

Gernika eta Bilbo artean 34 kilometroko ibilbidea prestatu dute. 10:00etan jarri dute irteera-ordua.

Hala ere, parte hartzeko asmoa dutenek, beste hiru ibilbide dituzte aukeran. Hain zuzen ere, maratoi erdiko distantzia baino apur bat gehiago izango du Zornotza eta Bilbo arteko lasterketak: 22,7 kilometro. 10:55ean irtengo dira Zornotzatik.

Lasterketa laburragoa egin gura dutenek, Galdakotik (11 km) edo Basauritik (8,9 km) Bilbora arteko ibilbidea egin ahalko dute. Galdakaon 11:37an jarri dute irteera ordua, eta Basaurin, berriz, 11:47an.

Lau ibilbide daudenez, partaideek dortsal desberdinak izango dituzte. Gernika-Bilbo egiten dutenek, urre koloreko dortsala izango dute, Zornotza-Bilbo korritzen dutenek, zilarrezko dortsala jantziko dute. Galdakaotik irteten direnek brontze kolorekoa izango dute, eta Basauri-Bilbo egiten dutenak dortsal zuriagaz ariko dira. Dortsaletan txip bana eramango dute.

Ibilbidean zehar hainbat anoa postu egongo dira (bost kilometrotik behin).

Bilboko Kale Nagusian, Bizkaiko Foru Aldundiaren eraikinaren parean egongo da helmuga. Lasterketaren amaieran, partaideak Deustuko kiroldegian dutxatu ahalko dira.

Ohorezko aitabitxia

Goizean aurkeztu dute lasterketa Bilbon, eta antolatzaileekin batera bertan izan da Martin Fiz lasterketaren aitabitxia, eta bera probaren enbaxadore hautatu izanagatik eskerrak eman ditu.

Ainhoa Eguren antolatzaileetako batek azaldu du datozen urteetan ere lasterketa egiteko asmoa dutela: “Hiruzpalau urteren buruan, lasterketan 20.000 partaide izatea gustatuko litzaiguke”. Erakundeen laguntza dutela esan du, eta proban 200 boluntarioaren laguntza izango dutela nabarmendu du.

Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko udaleko ordezkariekin batera, Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkatea eta Jon Lejarraga Kirol zinegotzia egon dira aurkezpenean.