Albisteak

 

Lanbide Ekimenak Zentroak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin dihardute Txertatu egitaraua lantzen. Egitarau honen helburua da enplegu gabe dauden eta formazio txikia (ikasketa egiaztagiria, DBH, Batxilergoa edo LH erdiko gradua) duten gazteek enplegua topatzea eta gizarteratzea.

Europako Gizarte Funtsak ere ordaintzen du programa eta gazte hauek ikasketei berriro ekin diezaieten edota euren enplegagarritasuna lortzea da asmoa. Ekimena 16 urtetik 29ra bitarteko gazteei zuzenduta dago. Parte hartzeko Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenak Zentroan eman ahal da izena: Alhondiga 6an edo 946 255 758 telefonora deituta. Apuntatzeko eskatzen diren baldintzen artean honako hauek daude: enplegu barik egon izana azken 30 egunetan, edo sasoi berean, ez jaso izana 40 formazio-ordu baino gehiago.

Bi zatitan egingo da

Egitarauaren lehenengo zatiak Egokitu du izena. Fase honetan diagnostikoa egingo da, ikaslearen lanerako profila gauzatuko da bakoitzaren gaitasuna aztertuta. Bigarren fasea Txertatu izango da. Alde honetan gaitasun teknikoa emango da, Biltegiko Jarduera Laguntzaileei dagokiona hain zuzen. 110 ordu emango dira eta beste 300 ordu enpresetan praktikak egiten erabiliko dituzte emandako gaitasun teknikoa lantzen. Ikastaroa bukatzean ikasleek landuko dituzten gaitasunak eskaerak prestatzekoa, orga jasotzailea erabiltzekoa eta bezeroei arreta ematekoa izango dira.