Albisteak

 

Ostiralean hasi eta igandera arte egingo da Gernika-Lumon Erdi Aroko azoka tradizionala, hamahirugarren aldiz, eta ohi legez, Merkatu Plazan. Oraingo honetan, fantasia munduaren gaia jorratuko da hiru egun hauetan. Antolatu diren ekintzak adin guztietarakoak dira, baina batez ere gernikar umeak izan dituzte kontuan.

Horrez gain, beste gauza franko egongo da ikusteko eta egiteko, batez ere umeentzat: magia jolasak, ume-jolas erraldoiak (katapultak eta kutxa txinatarrak kasu baterako), asto gainean ibiltzea, tigreak, esku-jokoen txapelketak, arku tiraketa eta beste asko. Bestela ere, "bertaratzen direnek Erdi Aroko errezetak dastatzeko eta larruzko artisau-lanak, zeramikazko eskulanak, burdin lanak eta lore lehorrak, eta lurrinak ere erosteko aukera izango dute", Iñaki Gorroño Azoka eta Merkatu zinegotziak adierazi duenez. Antzinako armen erakusketa, nekazaritzako lanabesak, buruhandiak eta arabiar jaima ere egongo dira.

Azoka Gernika-Lumoko Udalak antolatu du, eta zabalik egongo da egunero 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 22:00etara, nahiz eta zapatuan eta domekan gaueko emanaldiak gauerdia baino haraxeago luzatuko diren.

Azoka bereziak

Bestalde, gogoratu ekainetik aurrera, hilero-hilero, lehen zapatuetan azoka berezi monografikoa egingo dela. Zapatu berezi horietako bakoitzean, Busturialdeko baserritar eta artisauen lanak eta beste ekoizle gonbidatu batzuen produktu berezien inguruan eratuko dira azokak.