Albisteak

 
 

Gernika-Lumoko Udaleko Euskara Zerbitzua eta Hezkuntza Arloaren eskutik, udalerriko irakaskuntza zentroekin elkarlanean XV. idazlan koadernoak moldatu dira, hamabost urteko ibilbidea osatuz.

Horri lotuta, ohiko portada lehiaketa garatu da. Hona hemen irabazleak:

Idazlan Koadernoen ekimenak 2002an dauka jatorria, Udal Eskola Kontseiluak eskolaz-kanpoko egitarauan sartzea erabaki zuenean. Egitasmoaren  helburuak idazmena lantzea eta irakurzaletasuna sustatzea dira, euskara sendotzea xede nagusi. Gernika-Lumoko Euskararen Plan Estrategiko guztietan aintzat  hartu izan da honako egitasmoa.

Zentro bakoitzak bere idazlanak aukeratzen ditu, ziklo bakoitzeko bi, eta LHkoen liburuan 30 ikasleren idazlanak jaso dira, eskuz eurek idatzitako moduan eta jatorrizko marrazkiekin folio formatuan.

DBH/Batxilergo mailakoen argitalpenari dagokionean ere beste 30 idazlan izan dira.
 
Argitalpenak kaleratzearekin batera, idazleei eskertzeko sasoia etorriko da. Maiatzaren 9an LHkoak eta maiatzaren 10ean DBH/Batxilergokoak arituko dira irakurketa ekitaldietan (Lizeo antzokian goizeko 11:00etan egun bietan) eta argitalpenen aleak eskuratzeaz gain, LHkoek 30 euroko bonoa eta DBH/Batxilergokoek 40koa jasoko dute, udalerriko liburu dendetan euren gustukoak erosi ahal izateko. Aipatu behar irakurketa ekitaldietarako gonbite berezia  luzatzen zaiela sarituen familiartekoei, euren inplikazioa landu asmoz, eta herritar guztiei irekiak direla ekitaldiok. Hemen ere, ume eta gaztetxoen gizarteratze-prozesua euskaraz garatzeko baldintzak finkatu nahi dira.

Portada lehiaketa aitzakia, Lizeo Antzokian erakusgai izango dira egunotan azken fasean lehiatu diren lanak ere, 70 bat guztira.

Honako egitasmoa burutzeko urtero aurreikusten da diru kopurua eta aurtengoa ere 10.500 eurokoa da (liburuak argitaratzea 6.000 €, sariak 2.100 € eta irakurketa ekitaldien antolaketa 2.400 €).