Albisteak

 

Iazko urtarrilean, Udaleko gobernu taldeak “Piperra eta Gatza” proiektua jarri zuen martxan. Lan honen bitartez, partikularrek lagatako lur-eremuak hiri-ortu egiteko erabili dira eta, horrela, nekazaritza ekologikoa ere suspertu ahal izan da. Ordutik hona, auzokideei irekitako bilerak egin dira, proiektua aberastu duten ideiak jasotzeko.

Orain, lur-eremuak esleituta eta nekazaritza ekologikoaren gaineko ikastaro praktikoa burututa, erabiltzaileek ekin ahal izango diote ereiteari datorren larunbateko 11:00etatik aurrera. Hasiera emateko nekazaritza teknikari batek emango diete ondo etorria.

Norberaren kontsumorako ortuak

141 ortu dira eta bakoitzak 65 eta 75 metro karratu arteko azalera izango du. Lur-eremu hauek Ibarreko erreka hegalean daude. Proiektu hau pertsonei eta irabazi-asmorik ez duten Gernika-Lumoko erakundeei zuzendu zaie.

Izan ere, ortu hauek norberak edo familiak kontsumitzeko bakarrik izango direnez gero, ekoizpenaren trukea baino ez da baimenduko. Ortu bakoitzaren esleipena, lehia librez egindako emakida administratiboaren bitartez egin da, hiribilduan erroldatuta egon behar ziren eskatzaileen arteko zozketa bat eginda.