Albisteak

 

Ekainetik aurrera egingo diren azoka berezietan salmenta-postua ipintzeko eskabideak aurkezteko epea ireki du Gernika-Lumoko Udalak. Bizkaiko ekoizleak eta artisauak aurkez daitezke deialdi honetara.

Parte hartu gura duten guztiek udaletxean eskatu edo udal webgunetik jaitsi beharko dute eskaera-orria, eta parte hartu gura duten azokaren eguna baino hamabost egun lehenago aurkeztu beharko dute. Guztietan parte hartu gura izanez gero, eskabideak maiatzaren 16a baino lehen aurkeztu behar izango dira. Lehenengo azoka “Urdaibaiko txakolina”ri eskainiko zaio, ekainaren 4an.

Eskari-orria udaletxean bertan entregatu dezakezue, edo posta elektronikoz zerbitzuak@gernika-lumo.net helbide elektronikora bidali, edo faxez, 94 6270080 tel. zenbakira.

Ekainean hasi eta abendura arte, beraz, hile bakoitzeko lehen larunbatean azoka berezi bana egingo da. Aurtengo ekinaldirako, Azoka eta Merkatuen Sailak zazpi azoka monografiko antolatu ditu honako gai hauen inguruan: Urdaibaiko txakolina, Bizkaiko untxia, Gernikako piperra, Arabako Errioxako ardoa eta bakailaoa, sukalkia, Gernikako indabak eta karakolak.