Albisteak

 

Iazko urtarrilean, udal gobernuak "Piperra eta Gatza" proiektua jarri zuen martxan. Proiektu honen bitartez, partikularrek utzitako lur-eremuak hiri-ortu gaitu ahal izan dira, nekazaritza-ekologikoa sustatzen laguntzeko. Ordudanik, auzokideei irekitako hainbat bileretatik ideiak jaso ditugu proiektua aberastu ahal izateko.

Orain, behin tokiak esleituta, izendatutakoen ikastaro praktikoa egin behar izango dute, nekazaritza-ekologikoaren gainean ezagutza lortu ahal izateko. Hurrengo larunbatetan burutuko da ikastaro hau, martxoak 12 eta 19, 11:00etatik 13:00etara Astra eraikinean. Horrez gain, esleipendunek monitore bat ere izango dute, eraiteko prozesuan, urte betez, laguntza eman diezaieten.

Norberaren kontsumorako ortuak

Lurzoruak Ibarreko erreka hegalean egongo dira kokatuta eta bakoitzak izango duen azalera 60 eta 75 m2 artekoa izango da. Proiektua pertsonei eta irabazi-asmorik ez duten Gernika-Lumoko erakundeei zuzenduko zaie.

Izan ere, ortu hauek norberak edo familiak kontsumitzeko bakarrik izango direnez gero, ekoizpenaren trukea baino ez da baimenduko. Ortu bakoitzaren esleipena, lehia librez egindako emakida administratiboaren bitartez egin da, hiribilduan erroldatuta egon behar ziren eskatzaileen arteko zozketa bat eginda.